Errefuxiatuak eta errefuxiatuak

Berria, Ane Irazabal, 30-03-2022

Muzhda Ashrafi eta bere familiak bi urte eta erdi pasa dituzte Grezian harrapatuta. Afganistanetik ihes egin eta Europara iritsi zirenetik, haien asilo eskaerak ez du ez aurrera ez atzera egin. Are gehiago, Greziak babes politikoa ukatu die. Familiak helegitea aurkeztu du eta haien prozesuak joan-etorri burokratiko amaiezinak pairatu ditu azken hilabeteetan. Ez dira bakarrak. Ashrafitarren odisea, beste milaka familiaren istorioetan islatzen da. Azken egunetan Lesboseko eta Samoseko uharteetan dauden hainbat asilo eskatzailerekin hitz egiteko aukera izan dut, baita Balkanetako ibilbidean harrapatuta daudenekin ere.

Guztiak hunkituta daude Ukrainatik iristen zaizkien irudiekin. Ahalegin handirik egin gabe, denak oso identifikatuta sentitzen dira eta badakite zer den egun batetik bestera bizitza guztia atzean uztea eta berriz ere hasi behar izatea. Haiek ere jarraitzen dituzte gerraren gaineko albisteak, baina, Ukrainaren gaineko informazioa zabaltzen hasi den heinean, konturatu dira denek ez dutela balio bera. Ashrrafitarrek bi urte pasa dituzte errefuxiatuen kanpalekutik kanpo bizitzeko aukerarik izan gabe eta herrialde batetik bestera bidaiatzeko askatasunik izan gabe. Ez dute ulertzen zergatik dauden asilo politika kuadeatzeko bi modu, bi mundu.

Herrialde askoren kasuan, umeen eskolaratzearekin nabaritzen ari gara errefuxiatuen arteko aldea. Duela hiru aste Ukrainatik alde egindako umeak berehala eskolaratu dituzten bitartean, Afganistango, Irakeko eta Siriako haurrek urteak daramatzate, Europaren bihotzean, eskolara joateko aukerarik izan gabe. Errusiaren gerrak inoiz baino agerikoago agertu du mundu mailako errefuxiatuen artean dagoen aldea.

Azalaren kolorea da? Distantzia geografikoa? Kultura aldaketa? Oraindik ere goitik behera, ustezko handitasun intelektualetik, begiratzen ditugu Mediterraneoaren beste aldetik datozenak edo aporofobian edo pobreekiko destainan oinarritzen da guztia? Azken egunetan mila galdera darabilzkit buruan.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)