ELKARTASUNA ETXERIK GABEKO PERTSONEKIN

Egiako Kaleko Afari Solidarioen urtebetetzea; ospatzeko arrazoia da?

Etxerik gabeko pertsonei gauero afari bero bat eskaintzea helburu duen herritar ekimenak urtebeteko bidea osatu du Donostiako Egia auzoan. Ez da bakarra; Parte Zaharrean sortu zen proiektua eta Amaran ere eratu da talde bat. Guztira, 40.045 otordu eman dituzte eta, horrekin batera, kontaktu goxoa. Arrakastak eta porrotak partekatu dituzte.

Gara, , 28-03-2022

Kaleko Afari Solidarioak Egia Taldeak lehen urtebetetzea ospatu zuen atzo, Donostiako Zigarrogileen plazan, Tabakaleraren aitzinean emandako prentsaurreko-hamaiketakoan. Etxerik gabeko pertsonei afari bero bat eskaini die boluntario talde honek, 365 gautan, hutsik egin gabe.

Urte honetan bizitako momentu gehienak goxo eta beroak izan direla kontatu zuten, pertsonen arteko maitasun, elkartasun eta elkarrekintzatik sortutakoak izan direlako. Gutxiengoak izan dira une hotz eta gogorrak, muturreko egoeran dauden pertsonen ezintasun eta minak eragindakoak. Helmuga arrakastatsura iritsi ez izanak tristura sortzen diela aitortu zuten, baina ibilitako bidearen poza dute eta «garai zail, gogor eta gizatasun gabeko hauetan arrakastak eta porrotak partekatu» nahi izan zituzten.

Arrakasta, 365 egunetan, etenik gabe, kalean bizi diren pertsonei afari bero bat eskaintzea lortu izana da. Porrota, berriz, 365 egunetan afaldu ondorenean kale gorrian gelditu behar izana.

Arrakasta, 365 egunetan pertsona orok behar duen maitasun eta hurbiltasuna ahal izan duten neurri eta mailan hartu eta eman izana. Porrota, eguneko beste momentuetan gorrotoa eta urruntasuna jaso izana.

Arrakasta, 365 egunetan KAS Egia ekimenera boluntarioak gehitu izana. Porrota, afaltzera hurbildu diren pertsonak ere ugaritu izana.

Arrakasta, KASeko partaideen eta afaltzera hurbildu diren pertsonen arteko harremanak sendotu izana. Porrota, batzuetan hartu-emanak bortitzak izatea.

Arrakasta, hiriko kaleetan elkar gurutzatzean irria ahoan agurtzea. Porrota, askotan begietan mina ikustea.

Arrakasta, sare sozial fisiko eta birtualak sortu izana. Porrota, nahiko luketen eragina ez lortu izana.

Arrakastarako bidea pertsona anonimo askoren ekarpenek osatu dute eta eskerrak eman zizkieten denei: sukaldari, laguntzaile, banatzaile, babesle, hornitzaile eta afaltzera etortzen diren guztiei.

Parte Zaharrean hasi zen

Donostiako Udalari eskatu zioten «asmo oneko adierazpenak lehenbailehen egia bihurtzeko borondate politikoa izan dezan. Eta neguan behintzat gaua pasatzeko La Sirenita aterpea ireki dezan». Jaio zirenetik ari dira jantoki sozial bat edo baliabideren bat galdegiten ere. Prentsaurrekoan esan zutenez, Udalak ikerketa bat eskatu dio enpresa bati elkartasun afarioi buruz.

Eneko Goia alkatearen hitzak oroitu zituzten boluntarioek: «Etorkizuneko Donostia eraikitzeko gakoa hiritar guztiak inplikatzea izango da». Egunen batean errealitate bihurtzea nahiko lukete. «Gure misioa aldi baterako zela ulertu genuen, oraindik badugulako konfiantza Udalak entzun eta gure eskaerari erantzutekoa. Azkar izatea espero dugu».

2020ko azaroan, Parte Zaharreko bizilagun gutxi batzuk Konstituzio Plazako arkupeetara hurbildu ziren bertan gaua pasatzen ari ziren pertsonei zer behar zuten galdetzera. Erantzuna xumea izan zen: zerbait beroa arratseko hotzari aurre egiteko. Hala jaio zen Kaleko Afari Solidarioak, etxerik gabeko pertsonei gauero afari eta kontaktu goxoa eskaintzeko laguntza eta zaintza taldea.

150 lagun kalean, bakarrik

Beharra handitu ahala gehitu ziren boluntarioak. Larrialdi deia ere egin zieten Udalari eta beste auzoei. Azaldu zutenez, Udalak bere ekintza planetatik kanpo uzten ditu pertsona ugari. Baina Egiako auzotarrek deia entzun eta 2021eko martxoan taldea sortu zuten 70 boluntariok. Sukaldari, banatzaile eta bestek osatutako taldea dabil kalean, lehen lerroan, Donostiako errealitate latz eta gordin bati aurre egiten: 150 pertsona baino gehiago kale gorrian bizi dira, bakarrik.

Ezinbesteko atzeguardian, emozionalki eta ekonomikoki babesten, elkarteak, okindegiak, merkatariak, tabernak, txokoak, farmazia bat eta norbanakoak dituzte. «Eskerrik asko, zoragarriak zarete!», esan zieten.

«Badakigu ez gaudela prestatuta aurrean ditugun zailtasunetarako: bizi ibilbide gogorrak, kontsumoak, osasun arazoak… Baina esperientziak erakutsi digu laguntzeko gai garela», adierazi zuten Egiako KAS Taldeko kideek. Elkarrekin lan egin eta elkar babesteko esperientzia «ikaragarria izan da, oso ederra». «Bistaz ezagutzen ginen pertsonak, edo elkar ezagutzen ez genuenak, erosketak egiteko gelditu gara, errezetak konpartitu ditugu, aliantzak bilatu, irri eta negar egin, besarkatu».

Laguntza sare eraginkor eta oso sendo bat josi, antolatu eta egonkortzea lortu dute. Eta ez diote egun batean ere utzi afari beroa banatzeari.

Giza eskubideen aldeko borroka aurrera doa eta Amaran osatu da Kaleko Afari Solidarioak ekimenaren Donostiako hirugarren taldea. Egian, 378 egunetan 22.895 afari banatu dira (45.790 euro, dena boluntarioek jarria). Parte Zaharrean, 495 egunetan, 16.095 afari eman dira (32.190 euro) eta Amaran, 59 egunetan, 1.055 afari (2.110 euro). Orotara, 40.045 afari. Honengatik guztiagatik topa egin zuten, baina zera galdetuz: «Ospatzeko arrazoia al da?».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)