Faxismoaren gorakadari aurre egiteko kanpainari ekin dio Ernaik
Ernai gazte antolakundeak faxismoaren gorakadari aurre egiteko eta memoria antifaxista sustatzeko «Aurrean gara gaur. Memoria eta antifaxismoa» kanpaina abiatuko duela iragarri zuen atzo, Gernikan, Astra eraikinaren parean egindako aurkezpenean.
Gara, , 24-03-2022Ernai gazte antolakundeak “Aurrean gara gaur. Memoria eta antifaxismoa” kanpaina aurkeztu zuen atzo Gernikako Astra eraikinaren aurrean, 1936ko Gerrako bunkerrean, alegia. Kanpainaren helburu nagusia «faxismoaren eta eskuin muturraren gorakada ikusita» gazteak «aurrean» daudela jakinaraztea izango da. Horrez gain, gazte antolakundeak ezagutarazi zuen 2022an izango duen lan ildoetako bat borroka antifaxistaren «indartzean eta aberastean» bere «aletxoa» jartzea izango dela. Era berean, aurreratu zuen datorren maiatzaren 7an, larunbatean, Bizkargi Eguna ospatuko duela.
Ernaik azaldutakoaren arabera, «1978ko Erregimena, nazioarteko eskuin muturraren gorakadarekin batera, faxismoaren oldarraldi baterako agertoki egokia da». Ildo horretan, gazte erakundeak ohartarazi zuen dagoeneko gorakada horren ondorio batzuk bizitzen ari garela: «Eskuin muturraren gaitasuna gizarteko hainbat gaitan agenda markatzeko, autoritarismoaren gorakada bortitza, indar polizialetan eta Estatuko aparatu zehatz batzuetan faxisten integrazioa… Edota LGTBI fobia, matxismoa, arrazismoa eta euskaldunekiko gorrotoa».
Egungo egoera kezkagarriak bultzatuta, Ernaik azaldu zuen kanpaina honen bidez mezu nagusi bat helarazi nahi diola euskal gazteriari: faxismoaren eta eskuin muturraren gorakada ikusita, «aurrean» daudela «gaur». “Gaur” hitzaren erabilerari dagokionez, Ernaik argudiatu zuen faxismoa gaur egun dagoeneko «gure artean bizi delako» aukeratu dutela kanpainarako; horrez gain, «aurrean gara» ere badiote, «dagoeneko bagaudelako».
Gernikan egindako ekitaldian, gazte antolakundeak «Euskal Herri aske baten alde» antolatzen diren bestelako borrokei eta proiektu eraldatzaileei aitortza egin nahi izan zien. Hala nola, nazio askapen mugimenduari, langile mugimenduari, feminismoari, trasmaribollo borrokari, borroka ekologistari eta errefuxiatuen aldeko zein arrazakeriaren aurkako borrokari. Gainera, borroka horietatik «ikasi» nahi dutela ere nabarmendu zuten Ernaiko ordezkariek.
Bestalde, egungo faxismoaren jatorria ulertzeko, 1936ko Gerra ekarri zuten gogora Gernikara hurbildu ziren gazteek. «Orduko gertakarien memoria egiteko ardura gure egiten dugu, belaunaldiz belaunaldi gure herriaren historia transmitituz», konprometitu zen Ernai.
Hori bai, urteetan aurrera eginez, 1978ko Trantsizioan 1936ko Gerraren ostean nagusitu ziren «oinarri politiko berberak» mantendu zirela arbuiatu zuten gazteek. «Dena ondo lotuta mantentzeko aurpegi garbiketa hutsa izan zen, gaur arte biziraun duen 1978ko Erregimena sortzeko; monarkia, elite ekonomikoen agintea, kolonialismoa, komunikabide handien erabateko kontrola, botere judizialean eta indar armatuetan frankismoaren jarraipen hutsa, herrien erabakitze eskubidearen eta herrien autodeterminazio eskubidearen onarpen eza…», gaitzetsi zuten gazteek.
Ikur frankisten eraispena
“Aurrean gara gaur. Memoria eta antifaxismoa” kanpaina ofizialki aurkeztu aurretik, Ernaik zenbait monumentu eta gurutze frankista eraitsi ditu azken boladan Bizkaian. Tartean, Ondarroakoa, Lemoatxekoa, Erandioko gurutze frankista, eta, azkenik, astearte honetan bertan, martxoaren 22an, Barakaldokoa.
Eraisketa horien bideoak sare sozialetan zabaldu ditu gazte erakundeak, ikur frankisten kontrako ekintzak bere gain hartuz. Are gehiago, asteartean Barakaldoko gurutze frankista bota eta gero, Ernaik nabarmendu zuen dagoeneko Bizkaian ez dela geratzen «monumentu frankista publikorik».
(Puede haber caducado)