Migratzaileei egiten zaien «kontrol selektiboa» salatuko dute martxa batean
XXV. Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Martxa egingo dute igandean, Pasaia eta Donostia artean. Aurten, bereziki salatuko dute Irun-Hendaia mugako migratzaileei egiten zaien «kontrol selektiboa»
Berria, , 16-03-2022Arrazagatik Diskriminazioa Ezabatzearen Aldeko Nazioarteko Eguna da martxoaren 21a, eta urtero legez Arrazakeriaren Aurkako Martxaren antolatzaileek (SOS Arrazakeriak, Medicusmundi Gipuzkoak eta Euskadiko GKE Koordinakundeak) Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Martxa antolatu dute; Pasaia (Gipuzkoa) eta Donostia artean egingo da mobilizazioa, igandean, Pasa lelopean. Aurten, bereziki salatuko dute Irun-Hendaia mugako migratzaileei egiten zaien «kontrol selektiboa» eta paperik ez duten eta mugak zeharkatu nahian bizitza jokatzen duten migratzaileek «bizi duten babesgabetasun egoera». Horretarako, «herritarrak mobilizatzea zein kontzientziatzea» garrantzitsuena dela nabarmendu dute. Antolatzaileez gain, 57 dira egitasmoa babesten duten erakundeak.
Europako Batasuneko kanpo mugei, beste muga eta ibilbide batzuk gehitu zaizkie azken urteotan: Europako Batasuneko herrialdeen arteko barne mugak, hain zuzen. Irun-Hendaia, Frantzia-Ingalaterra edo Afrika mendebaldearen eta Kanariar Uharteen (Espainia) artekoa, besteak beste. Antolatzaileek salatu dutenez, muga horietan handitzen doa hildakoen eta desagertutakoen kopurua. Beraz, uste dute ez dela onargarria migratzaileak «bizi ahal izateko eta familiari lagundu ahal izateko» lan bat bilatu nahi izateagatik bizitza galtzea. Horregatik, «mugak heriotza-leku» izateari utz diezaiotela eskatu dute. «Mundua hartzen ari den norabidea ikusita, badirudi ate joka datorren jende kopurua handitu egingo dela», ohartarazi dute.
Instituzioei dei
Martxa babesten duten erakundeek argi daukate «egungo errealitate gordinak» erabaki politiko eta sozialak hartzea eskatzen duela, eta, halaber, «migrazio fluxuak eta nazioarteko babes, asilo zein aterpe eskaerak hobeto bideratzea». Era berean, Europako Batasuneko herrialdeen arteko «joan-etorriak hobeto erregulatzea» eskatu dute: besteak beste, migratzaileei bisak emateko politika eraginkorragoak sortzea, hitzetatik ekintzetara pasatzea, beste herrialdeekin akordioetara iristea eta errefuxiatuen birkokatzeak azkartzea.
Errefuxiatuak babesteko eta laguntzeko antolatzaileek uste dute agintari politiko eta instituzioei irtenbideak planteatu behar zaizkiela: «Pertsona horien egoerak axola digu, eta bidezkoena laguntza ematea litzateke. Migrazio politikek pertsona hauek kontuan hartu behar dituzte».
(Puede haber caducado)