Denentzako «korridore humanitarioak» aldarrikatu dituzte Behobiako zubian

Irungo Harrera Sareak deiturik, ehunka lagun bildu dira martxoaren 14an Behobiako zubian, larunbatean migrante bat Bidasoa ibaia zeharkatzen saiatzen ari zela desagertu ondotik.

Gara, , 15-03-2022

Jendetza bildu da martxoaren 14an astelehenarekin Behobiako zubian migratzaile ororentzako korridore humanitarioak galdegiteko. Larunbatean senegaldar jatorriko migratzaile bat Bidasoako uretan desagertu ondoren deitu zuen mobilizazioa Irungo Harrera Sareak.

Oraindik ez dago haren inguruko berririk, migratzaileei harrera egiten dien elkarteak jakinarazi duenez. Sorospen zerbitzuek astelehenean ere bilaketarekin segitu dute, baina ez dute emaitzarik lortu.

Behobian iragan den protestan parte hartu dutenen artean, mugaren bi aldeetako eragile politiko, sozial eta sindikalen ordezkariak izan dira.

Oren erdiko elkarretaratzearen ondoren, bertan bildurikoek hainbat minutuz moztu dute zubia, manera sinbolikoan, ibilgailuen joan-etorria eragotziz.
Irungo Harrera Sarearen izenean, Jon Arangurenek adierazi du «segurtasuna aitzakiatzat hartuta» urteak daramatzatela mugan kontrolak ezartzen, baina salatu du horien benetako helburua migranteak bertatik ez iragaitea dela.

«Kontrol arrazistak dira, zurixkak garenok gelditzen ez direlako; hala ere, pertsona beltzak edo arabiar itxurakoak, bat bera ere ez da pasatzen», gaitzetsi du Arangurenek.

Haren erranetan, migratzaile ororentzako korridore humanitarioak sortzea «minimoa» izanen litzateke, helburua baita «migrazioa heriotzarekin» lotzen jarraitu behar ez izatea. «Betidanik egon dira migrazioak, eta migrazioa ez genuen heriotzarekin lotzen, bizitza oparoago baten bilaketarekin baizik», azaldu du Irungo Harrera Sareko kideak.

Irun eta Hendaia arteko muga inguruan zein Atlantikoan eta Mediterraneoan hil diren migratzaile guztiak gogoan izan ditu bere hitzartzean.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)