Bidasoa ibaian desagerturiko migrantea ez dute atzeman
Martxoaren 12an pertsona migrante baten erreskateari ekin zioten Lapurdi eta Gipuzkoa arteko Bidasoa ibaiaren inguruetan. Bi egunetako bilaketaren ondotik, ez dute atzeman, haren bi bidaidek Biriatura arribatzea lortu zuten bitartean. Irungo Harrera Sareak elkarretaratzea deitu du.
Gara, , 14-03-2022Bi migrante Biriatura ailegatu ziren martxoaren 12an, larunbatarekin, Bidasoa ibaia zeharkatu ondotik. Aldiz, hirugarren gazte bat desagertu egin zen ahalegin horretan. Naiz atariaren arabera, Kamerungo jatorria luke pertsona horrek.
Hala, larunbateko arratsaldeko 18.00etatik aitzina, pertsona hori aurkitzeko dispositibo bat abian ezarri zuten suhiltzaileek eta Ertzaintzak. Igandean zehar ere bilaketa lanetan aritu dira, arratsa iristearekin batera, Pausun ziren anbulantziak eta suhiltzaileek operazioa bertan behera utzi badute ere. Asteleheneko lehen orduan ekingo diote berriz bilaketari.
Ibaian ez egotearen itxaropenarekin
«Endarlatsatik Kanetaraino (Hendaia) doazen zortzi kilometro behatu ditugu atzotik (larunbata) eta goiz osoan zehar, eta ez dugu arrastorik aurkitu», adierazi du Departamenduko suhiltzaile eta erreskate zerbitzuko kide batek prentsaren aitzinean.
Bere iritziz, azkartasunez eta ahal ziren baliabide guziak jarriz jardun dute. Bilaketa operazio horretan 20-25 bat pertsona aritu dira, baita lau txalupa eta helikoptero bat erabili ere. «Ibaian balego, uste dugu jadaneko atzeman izango genukeela», erran du, pertsona hori desagertu zenetik pasatako denbora kontuan harturik.
«Oraingoz bilaketarekin segituko dugu, nahiz eta uneren batean arindu beharko dugun, ez baita baztertu behar pertsona hau Irunera itzuli izana edo bere helburua lorturik, gure aldera pasa izana» adierazi du eskualdekoa den eta ibaia ongi ezagutzen duen sokorri taldeko kideak.
Gipuzkoatik Lapurdira iragatea lortu zuten bi gazteei dagokienez, Biriatuko elkarte baten laguntzarekin egin diete harrera. «Batek zauria zuen zangoan, baina sendatua izan zen, eta egoera ikusirik, aski ongi dira», gaineratu du erreskate zerbitzuko kideak.
Etchegarayren deia estatuei eta Europari
Larunbateko zorigaitzeko gertaera, justuki azken hilabeteetan muga zeharkatzen entseatu diren eta zendu diren migranteen omenez Iñigo Urkullu eta Jean-Rene Etchegaray lehendakariek ostiralean egin ekitaldiaren biharamunean jazo da.
Igandean berean, Euskal Elkargoko lehendakariak agiri bat plazaratu du, Bidasoa ibaian gertaturikoagatik arrangura azaldu. «Mugaz bi aldeetako instituzioek zerbitzu boluntaristak jartzetik harago, pertsona migranteentzat bideak segurtatzen ez badira, drama hauek gertatzen jarraituko dute», ohartarazi du agintariak. Horregatik, estatuei eta Europar Batasunari «urgentziaz» galdegin die migranteentzat pasabide seguruak berma ditzatela.
Elkarretaratzea
Mezu eta nahi horrek, haatik, ez du bat egiten igandean berean Lapurdi eta Gipuzkoa arteko mugan ikusi diren polizia kontrolen errealitate gordinarekin. Irungo Harrera Sareak igandean berean hedatu duen agirian salatu duenez, «bide seguruek ez dituzte pertsonak hiltzen, bai aldiz, kontrol arrazistek».
Hala, migranteei harrera egiten dien elkarteak Euskal Herri osoko erakundeei eskatu die «beharrezkoa den korridore humanitarioa bermatzea» eta oroitarazi du Ipar Euskal Herriko sareetako kideak direla korridore horien ardura hartzen. «Horregatik, azken hilabeteetan jazarpena jasan dute», salatu du elkarteak.
Irungo Harrera Sareak elkarretaratzea antolatu du astelehen huntarako, 18.30ean Behobiako zubian.
- Erredakzioan itzulia
(Puede haber caducado)