Migrazioa
Gaur ekingo diote berriz Bidasoa ibaian desagerturiko migrantea bilatzeari
Herenegun hasi ziren migrantearen bila, Irun inguruan. Hiru pertsona saiatu ziren ibaia gurutzatzen, baina horietako bi bakarrik iritsi ziren bertze aldera: hirugarrenaren xerka ari dira. Irungo Harrera Sareak kontzentraziora deitu du.
Berria, , 14-03-2022Gaur jarraituko dute Bidasoa ibaian desagerturiko migratzailea bilatzen. Hiru pertsona saiatu ziren herenegun arratsaldean ibaia gurutzatzen, baina horietako bik baino ez zuten lortu bertze aldera iristea: horiek eman zioten abisua Frantziako Poliziari. Erreskate zerbitzuak 18:20 inguruan hasi ziren falta zen pertsonaren bila, Bidasoa ibaia Hendaia, Biriatu, Urruña (Lapurdi) eta Irun artean (Gipuzkoa) igarotzen den zatian, baina bilaketa lanek ez zuen fruiturik eman, eta eten egin zituzten. Atzo, 8:00etan hasi ziren berriz, baina ez dute aurkitu.
Guardia Zibila, Ertzaintza, Irungo Udaltzaingoa, Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako suhiltzaileak, eta Gurutze Gorria ari dira bilaketa lanetan, baita Frantziako segurtasun zerbitzuak ere.
Irungo Harrera Sareak ohartarazi du azken egunotan migratzaile ugari aritu direla ibaia gurutzatzen. «Ez dakigu zenbat, baina batzuk bai». Ezbeharra aurreikus zitekeela salatu dute, eta kontzentraziora deitu gaurko, Behobiako zubian, 18:30ean. Plazaratu duen oharrean, eragileak esan du bide seguruek ez dituztela pertsonak hiltzen, «baina bai, ordea, kontrol arrazistek». Korridore humanitarioak eskatu dituzte, eta Ukrainako errefuxiatuei ere helarazi diete elkartasuna.
Ez litzateke lehena
Ikusteko dago zer gertatuko den, baina Bidasoa ibaiko aurrekariak ez dira onak. Iazko abuztuan Abdulaye Koulibali izeneko gazte ginear bat hil zen ibaia gurutzatu nahian, eta azaroan Sohaibo Billa Boli Kostako jatorriko herritarra. Iaz guztira zazpi migrante hil ziren Euskal Herrian, migrazio bideetan.
Aurtengo urtarrilean, berriz, migrante batek femurra hautsi zuen Irungo trenbidean, Frantziako Poliziarengandik ihesean zela.
Jaurlaritza, bide seguru eske
Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak iluntzean gaztelera hutsean igorri zuen presazko ohar batean eskatu zuen «berma» daitezela migratzaileen bideak, «segurtasunez egin ahal izateko». Legarretaren arabera, «duela aspaldi» ari da Jaurlaritza giza korridoreak eskatzen, «bai Ukrainako inbasioan harrapatuta dauden pertsonentzat, baita Afrikatik Europara iritsi nahian urteak daramatzatenentzat ere». Jaurlaritzako zuzendariak gogoratu zuen herenegun Santiago zubian izan zela Iñigo Urkullu lehendakaria, hain justu migrazio politiketan Euskal Elkargoarekin lankidetza indartzeko asmoz.
(Puede haber caducado)