GERRA UKRAINAN. IHESLARIAK
3.000 ukrainarri harrera egiteko plan bat ondu du Eusko Jaurlaritzak
Bi egoera aurreikusi dituzte, irits daitezkeen iheslari kopuruaren arabera. Dauden baliabideak «indartu» eta «gehitzea» adostu dute. Plana behin-behinekoa da: martxoaren 31ra arte iraunen du
Berria, , 11-03-2022Eusko Jaurlaritzako ordezkariek, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako diputazioetakoek, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak eta hainbat gobernuz kanpoko erakundek bilera egin zuten atzo arratsaldean, Ukrainatik etortzen ari diren errefuxiatuen harrera koordinatzeko. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak adierazpenak egin zituen bilkura hasi aurretik, eta jakinarazi zuen 3.000 lagunera arteko harrera plana prestatu dutela.
Bi egoera aurreikusi dituzte «Ukrainaren inbasioaren ondorioz lekualdatutako pertsonei harrera egiteko Euskadiko Lehen Kontingentzia Planean». Lehendabizikoan 500 eta 700 lagun artean iritsiko direla aurreikusi dute; eta, bigarrenean, 700 eta 3.000 artean izanen direla.
Urkulluk gogoratu duenez, joan den astean 2001/55/EE zuzentarauaren aplikazioa onartu zuen Europako Batzordeak, zeinaren arabera Ukrainatik ihes egiten duten pertsonei nazioarteko babesa ematera behartzen dituen estatu kideak: «Babes horrek berekin dakar bizileku eta lan baimena, hezkuntzarako sarbidea, bizitoki egokia, gizarte laguntza, finantza laguntza eta arreta medikoa ematea».
Jaurlaritzako lehendakariak azaldu du ukrainarren harreran laguntzeko «borondatea» dutela, baita zuzentarau hori betetzeko «konpromisoa» ere: «Gure ekarpena [Espainiako] estatuko administrazioaren erantzuna osatzera bideratzen da, nazioarteko babesaren arloan eskumena hark baitu».
Jaurlaritzak aurkezturiko plana behin-behinekoa da, Urkulluk azpimarratu duenez, eta hiru astean izanen da indarrean, martxoaren 31ra arte: «Oraintxe bertan eskuragarri dagoen informazioarekin, ezinezkoa da Euskadira irits daitezkeen pertsonen kopurua edo iristeko epeak aurreikustea», zehaztu du. Halaber, adierazi du ez dakitela Espainiako Gobernuak zein baliabide ezarriko dituen Europako zuzentaraua aplikatzeko, aldi baterako babesak ematen dituen eskubideei dagokienez zein lekualdatutako pertsonen biziraupenerako laguntza ekonomikoei dagokienez. Ohartarazi dute «familia erreferenterik gabeko» adingabeak aldi baterako hartzeko «estaldura juridiko zehatzik» ere ez daukatela. Laguntza emateko prest agertu dira, halere: «Ezjakintasuna nagusi den arren, euskal erakundeok aldez aurretik izan behar ditugu errefuxiatuei harrera duina egiteko behar diren baliabideak».
Arruntak, «indartuta»
Aurreikusitako lehen egoera asteotan 500 eta 700 lagun artean iritsiz gero aplikatuko lukete —oraingo egoera da—, eta horretarako «harrera baliabide arrunt indartuak» erabiliko dituzte. Jakinarazi dute gaur egun jada badirela errefortzu mekanismoak dituzten harrera baliabideak: besteak beste, Espainiako harrera eta integrazio sistemaren barnean dauden plazak; Irun, Oñati, Tolosa (Gipuzkoa) eta Berrizko (Bizkaia) ikastetxeetako baliabideak; hotel eta ostatuak; Alokabidek eta udalek eskain ditzaketen etxebizitzak; eta herritarren edo ukrainar jatorriko familien elkartasunak borondatez eskainitako etxebizitzak. Gurutze Gorriarekin elkarlanean, halaber, telefono zenbaki bat eta aurrez aurreko zerbitzu bat jarriko ditu Eusko Jaurlaritzak Bilbon, Donostian eta Gasteizen, iristen diren ukrainarrei informazioa eta arreta emateko.
Bigarren egoerak «baliabide gehigarriak» izanen lituzke. Aurreikusi dute kasurik apalenean 700 eta 1.500 iheslari artean izanen direla, eta 1.500 eta 3.000 artean handienean. Bi egoera horietarako honako neurri hauek aurreikusi dituzte: itzultzaile boluntarioen sare bat sortzea; aireportu, tren eta autobus geltokietan hasierako informazio eta harrera zerbitzua eskaintzea; Donostian, Bilbon eta Gasteizen hasierako harrera eta orientazio zerbitzua jartzea; larrialdiko ostatu plan bat osatzea, eskuragarri dauden baliabideetan eta hotel eta ostatuetan; hasierako laguntza zerbitzua eta bizitegi irtenbide egonkorra identifikatzea; eta hiru bizitegi irtenbide egonkor mota eskaintzea: senideen edo hurbilekoen etxebizitzak, erakundeek jarritako etxebizitzak eta gizarte eskaintzarako etxebizitzak.
(Puede haber caducado)