Gerra Ukrainan. Negoziazioak

Bi aldeek ez dute aurrerapausorik eman korridoreetan eta su etenean

Errusiako eta Ukrainako Atzerri ministroek elkarri leporatu diote menia errefusatzea eta errefuxiatuei ihesbideetara joaten ez uztea. Gurutze Gorriak esan du 18 milioi ukrainarrek laguntza beharko dutela

Berria, Mikel O. Iribar, 11-03-2022

Ez zuen fruiturik eman Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovek eta Ukrainako haren homologo Dmitro Kulebak Turkian atzo izan zuten bilerak. Hizketan jarraitzeko borondatea agertu bazuten ere, oso urrun dago duela bi aste piztu zen gerrari amaiera emateko aukera. Kulebaren esanetan, ez dute aurrerapausorik eman tropa errusiarrek setiatutako Mariupol hirian korridore humanitario bat irekitzeko, ezta su etena adosteko ere. «Helburu humanitario batekin etorri naiz. Zoritxarrez, Lavrov ministroa ez zegoen engaiatzeko prest».

Errusiako Atzerri ministroak, berriz, korridore humanitarioak sabotatzea leporatu zion Ukrainari, bilera osteko agerraldian. «Egunero saiatzen gara bideak irekitzen, baina ez dute jendea ebakuatzen uzten». Halaber, nabarmendu zuen Bielorrusiako elkarrizketak direla formatu bideragarri bakarra. «Gaurko elkarrizketak baieztatu du bide honek ez duela alternatibarik». Hori bai, Lavrovek gogorarazi zuen Errusia «edozeinekin» hitz egiteko prest dagoela. «Egoera honetatik atera nahi dugu». Hain zuzen, ministroak ziurtatu zuen Errusiako presidente Vladimir Putin Ukrainako agintari Volodimir Zelenskirekin biltzeko prest dagoela, «bilerak akordioa lortzeko balio badu eta balio erantsia ematen badu».

Errusiak negoziazioetan aurrera jarraitzeko Ukrainari egin dizkion eskaerak hauek dira: Krimearen anexioa eta Donbassko herri errepubliken independentzia onartzea, Ukrainaren konstituzioan neutraltasuna jasotzea eta herrialdea desmilitarizatzea. Kulebak eskari horien inguruan ez zuen argi hitz egin, baina, ziurtatu zuenez, Ukraina NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundetik kanpo mantentzeko «prest» dago baldin eta NBE Nazio Batuen Erakundeak, «Errusia barne», NATOk emango liokeen segurtasun esparru zabala bermatzen badio.

Lavrovek, bestalde, mezu zuzena igorri zion nazioarteari. Salatu zuenez, Mendebaldea «arma hilgarriak» bidaltzen ari da Ukrainara, eta urte asko iraungo duten kalteak eragiten ari da Donbass eskualdean. «Mendebaldea modu arriskutsuan» jokatzen ari da». Aitzitik, Errusiako Atzerri ministroak nabarmendu zuen ez dutela beste herrialdeei erasotzeko asmorik. «Eta Ukrainari ere ez gatzaizkio erasotzen ari. Askotan azaldu dugu: Errusiaren segurtasunerako arriskutsua zen egoera batean geundela ohartarazi genuen. Urteak generamatzan salatzen, baina inork ez zigun kasurik egiten. Horrez gain, Donbassko gertakariek agerian utzi dute hurrengo hilabeteetan Donetskeko eta Luhanskeko herri errepubliken aurkako erasoa egiteko asmoa zuela Ukrainak». Horrez gain, Errusiak salatu du Kiev arma biologikoen osagaiak garatzen ari zela AEBen babesarekin. «Horrek asko kezkatzen gaitu».

Bestalde, Moskuk ez du berriro Europako Kontseiluan parte hartuko, Errusiako Atzerri Ministerioak atzo agiri batean iragarri zuenez. Izan ere, Kremlinen ustez, EB Europako Batasunak eta NATOko herrialdeek Europako Kontseilua «suntsitzeko bidean» jarraitzen dute. Halaber, Lavroven hitzetan, EBko herrialdeek eta NATOk Europako Kontseilua duten gehiengoaz «abusatzen» dute, beren ikuspuntuak «inposatzeko». «Ez gara gehiago Mendebaldearen menpeko izango, traizioa egingo baitigu, bere balioei traizioa egiten dien modu berean», zehaztu zuen.

Negoziazioak negoziazio, Ukrainako agintariek zazpi korridore humanitario ireki zituzten atzo, Errusiak eraso egindako hirietatik biztanleria zibila ateratzeko: Borodiankatik Kiev hiriburura, Sumitik Poltavara, Krasnopilliatik Poltavara, Iziumetik Lozovara, Volnovakhatik Pokrovskera eta Mariupoletik Zaporizhiara. Halere, Mariupoleko ebakuazioa eten egin behar izan zuten goizean, Errusiako tropek herritarrei eraso egin zietelako, hiri hartako udalak salatu zuenez. Gutxienez pertsona bat hil zuten. Dagoeneko 60.000 herritar atera dituzte arrisku guneetatik, Zelenskiren arabera. NBEk adierazi duenez, jada 2,3 milioi herritarrek ihes egin dute Ukrainatik, eta Gurutze Gorriak atzo ohartarazi zuen 18 milioi ukrainarrek laguntza humanitarioa beharko dutela.

Errusiaren erasoa hasi zenez geroztik hamabost egun pasatu diren honetan, egoera okertzen ari da Ukrainan. Kieven esanetan, borroka «gogorrak» izaten ari dira herrialdean barreiatuta, batez ere Kharkiven, Ojtirkan (Sumi oblasta), Odesan eta Mariupolen, Ukraina hegoaldean. Zehazki, azken bi hiri horiek bereganatzea garrantzitsua da Errusiarentzat, hori eginda korridore bat osa dezakeelako Transnistriatik Donbassko herri errepubliketara, eta horrek erabat blokeatuko lioke Ukrainari Itsaso Beltzerako irteera.

Hain justu, Errusiak Mariupoleko haur ospitale bat bonbardatu zuen herenegun, eta udalak baieztatu zuen hiru lagun hil zirela; tartean, adingabeko bat. Lavrovek, ordea, justifikatu zuen ospitale hura «eskuin muturreko talde batek» erabili zuela, eta han «miliziano armatuak» zeudela. Eraso hura ukrainarren aurka egiten ari diren «genozidioaren azken froga» dela adierazi zuen Zelenskik. Sputnik Errusiako agentziak jasotakoaren arabera, berriz, Ukrainako tropek eskola bat bonbardatu zuten atzo Dokutxaevsken, Donetskeko Herri Errepublikan.

EBk atea itxi dio Ukrainari

Europako Batasuneko agintariak atzo elkartu ziren Versaillesen, Frantzian. Ukrainak EBra sartzeko egindako eskaera «azkar» tramitatzeari atea itxi zioten Batasuneko agintari gehienek, Frantziako presidente Emmanuel Macronek kasurako, gerrak Ukrainan jarraitzen duen bitartean. «Mezu indartsua bidali behar zaie ukrainarrei, baina kontuz ibili behar dugu: has al dezakegu atxikimendu prozesu bat gerran dagoen herrialde batekin? Ez dut uste», azaldu zuen, batzarra egin aurreko agerraldian.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)