OÑATIRA IRITSI DIRA UKRAINAKO GERRATIK IHES EGINDAKO LEHENAK
EAEko harrera-zentroetan 27 errefuxiatu ukrainar daude egun. Oñatiko Larraña etxean hartu dute aterpe Ksenia Vinnitxenkok eta Osakna Lezhninak beren seme-alabekin. Beldurrez utzi zuten herrialdea, baina «gerratik babestuta» sentitzen dira orain.
Gara, , 10-03-2022Oñatiko Larraña etxean daude Ksenia Vinnitxenko eta Osakna Lezhnina, errefuxiatu ukrainarrak. Asilo-eskatzaileen harrera-zentrora iritsi berri dira beren seme-alabekin, autoz 3.000 kilometro egin ostean.
Lezhnina otsailaren 24an irten zen Irpinetik, Natasha alabarekin eta honen haur txikiarekin, bien senarrak, semeetako bat eta gainerako lagun eta senideak han utzita. «Bidaia luzea» izan dela esan zuen Natashak, hilabete gutxi dituen haurra besoetan hartuta. Martxoaren 4an iritsi ziren Oñatira. «Otsailaren 24 goizean alabaren senarrak abisatu zigun inbasioa hasi zela. Esperantza geneukan ez zela benetan izango. Har genezakeen gutxi hori hartuta atera ginen», azaldu zuen Lezhninak.
Dozena bat kameraren aurrean agertu ziren atzo emakume ukrainarrak, Euskal Herrira iritsi diren lehen errefuxiatuetakoak. Lakuako Gobernuak eta Zehar Errefuxiatuekin GKEak kudeatzen duten Oñatiko harrera-zentroan hartu dute aterpe. Atzo arratsaldean Xabier Legarreta Lakuako Migrazio eta Asilo zuzendaria eta Arantza Chacon Zehar Errefuxiatuekin erakundeko zuzendaria ere izan ziren Larraña etxean.
Beren herrialdea beldurragatik utzi zutela onartu zuten ukrainarrek, asko pentsatu gabe, eta beldurrez direla han geratu direnak: Lezhninak esan zuen 13 egunean 50 haur hil dituztela Irpinen, eta «dena» suntsitu dutela soldadu errusiarrek.
Egun berean egin zuen alde Vinnitxenkok Vishgorod hiritik, Kiev ondotik, adin-txikiko hiru seme-alabentzako leku seguru baten bila. Bidaia-lagun batekin eta haren bi seme-alabekin egin zuten, autoz, baina bakoitzak bere bidea hartu zuen gero. «Beldur nintzen, hegazkinak bonbardatzen hasiak ziren eta haurrak sukarra zuen. Nire aukera bakarra herrialdea uztea zen», azaldu zuen.
Pribilegiatuak sentitzen dira, herrikide asko Ukrainan gelditu direla jakitun. Tartean, Vinnitxenkoren ama, soto batean ezkutatuta: «Ahul eta ezgai sentitzen naiz, ezin dudalako berarengatik ezer egin. Lagunek, senideek, ez dakite bihar zer pasatuko den».
Oso eskertuta agertu ziren Euskal Herrira iristean jaso duten laguntzagatik; izan ere, egun gutxi hauetan, beren seme-alabek lagun berriak egin dituzte eta «gerratik babestuta» sentitzen dira. Ukrainako hurbilekoekin harremanetan daude Internet eta Whatsapp bidez.
Sare solidarioa
Madrilgo Gobernuaren eskumena da asilo eskatzaileen sistema, baina hortik kanpo geratzen diren errefuxiatu batzuk artatzeaz arduratzen dira Oñati, Tolosa eta Berrizeko harrera-zentroak. Egun, hiruretan daude errefuxiatu ukrainarrak, 27 orotara –bost familiatako 17 pertsona Oñatin, bi pertsona Tolosan eta bi familiatako 8 pertsona Berrizen–, gehienak familian etorrita.
Irunen, bestalde, 150 pertsona hartzeko zentro bat prest du Lakuak, behar denean irekitzeko. Larraña Etxeko prentsaurrekoan Xabier Legarretak, halere, nabarmendu zuen ez dagoela aurreikusterik zenbat pertsona etorriko den EAEra Ukrainatik.
Zehaztu zuen EAEn 3.000 eta 3.500 ukrainar inguru bizi direla –erdiak Gipuzkoan– eta, beraz, pentsatzekoa da Euskal Herriko kontaktuen laguntzarekin errefuxiatu gehiago etorriko direla. Txernobyleko haurrak udan Euskal Herrira ekartzeko programak hainbat urtetan sortu duen sarea ere lagun izan daiteke ukrainarrak hemen hartzeko. Horrez gain, gogorarazi zuen 2.000 eskaintzatik gora jaso dituela Lakuak ukrainarrei laguntza eskaintzeko sortu zuen errefuxiatuak@euskadi.eus helbidean.
Herritarrek hauspotutako sare solidarioa antolatu eta baliatu asmo du Gasteizko Gobernuak, harrera-zentroekin, Zehar Errefuxiatuekin GKEarekin eta Ukraina-Euskadi elkartearekin batera kontingentzia plana osatzeko. Ildo horretan, gerraren biktimei laguntza emateko gizarte zibiletik sortu diren ekimen ugariak aipatu zituen Legarretak, eta administrazioari ekimen horien guztien berri emateko eskatu zuen.
(Puede haber caducado)