Errefuxiatu ukrainarren erdiak haurrak direla ohartarazi du Unicefek
Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak (Unicefek) ohartarazi duenez, Ukrainako gerraren ondorioz mugiarazitakoen erdiak haurrak dira. Erakundeak 300 milioi euro inguru eskatu ditu laguntza humanitarioa helarazteko.
Gara, , 02-03-2022«Ukrainako gatazkaren gorakadan harrapatutako haur eta familien egoerak okerrera egiten du minuturo. Borrokak biztanleria zibilera, haurren etxeetara eta eskoletara, ospitaleetara eta umezurztegietara hurbiltzen dira», adierazi du Catherine Russell Unicefeko zuzendari exekutiboak.
Erakundeak adierazi duenez, errefuxiatuen krisia «esponentzialki» hazten ari da, «behar humanitarioak areagotuz», eta beren herrietatik alde egin beharrean diren pertsonen erdiak haurrak direla ohartarazi du.
Gainera, adierazi du gutxienez 13 haur hil direla gerraren eraginez, Giza Eskubideen aldeko Nazio Batuen Goi Komisarioaren Bulegoak egiaztatutako datuen arabera. Aurreikusi duenez, kopuru hori handitu egingo da liskarrek jarraitzen duten bitartean.
Horren aurrean, Unicefek 140 langile ditu Ukrainan, eta gehiago bidaltzen ari dira herrialdearen beharrei erantzuteko.
«Baina Ukrainako ingurune operatiboa oso konplexua da. Sartzeko mugak eta fronteko lerroak azkar aldatzen direnez, askoz zailagoa da hornidurak eta bizi-zerbitzuak entregatzea», adierazi du erakundeak.
Horregatik, Unicefek 247,69 milioi euro eskatu ditu Ukraina barruko haurrentzat, Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoaren (OCHA) premiazko deiaren zati gisa, eta 65,51 milioi euro inguruko herrialdeetako Errefuxiatuei Erantzuteko Eskualde Planerako.
874.000 errefuxiatu
Nazio Batuen Erakundearen azken datuen arabera, guztira 874.000 lagunek utzi dute Ukraina, gerratik ihesi.
(Puede haber caducado)