Migratzaileak

Santosek dio berak ez duela eskumenik migratzaileak kanporatzeko «zitazio-tranpen» auzian

Nafarroako Gobernuko Justizia eta Migrazio Politiketako kontseilariak adierazi du ez duela Poliziari argibiderik emateko ahalmenik, baina argitu du «eskubideak urratuak izan zaizkiola uste duen orok» bermatua duela Justiziara jotzeko aukera.

Berria, Uxue Rey Gorraiz, 15-02-2022

Urteetan, aski isildua izan da paperik gabeko migratzaileak kanporatzeko helburuz poliziek eginiko zitazio faltsuen auzia. Orain gutxi, baina, Nafarroan «amarru» horiek «orokortu» egin direla salatu dute arrazakeriaren aurkako zenbait elkartek. Gaur, Nafarroako Parlamentuan izan da gaia hizpide. EH Bilduk eskatuta, gaiari buruzko hitzartzea izan du Justizia eta Migrazio Politiketako kontseilari Eduardo Santosek. Eginiko adierazpenetan, Santosek zehaztu du berak ez duela eskumenik poliziei argibiderik emateko, ez baita «ez Barne ministro, ezta Gobernu ordezkari ere».

Hain zuzen, arrazakeriaren kontrako elkarteek ohartarazi dutenez, Espainiako Poliziak migratzaileak «amarruen bidez» identifikatzen dituzte: «Pasaportea kentzen diete askori, edo kanporatze bidean jarri». Espainiako Gobernu Ordezkaritzak ukatu egin du halako amarruak erabiltzen dituenik.

Bestalde, Eduardo Santosek adierazi du «eskubideak urratu izan zaizkiola uste duenak» bermatua duela auzia Justiziaren esku uzteko aukera. «Are gehiago atzerriko jatorria izateagatik eraso arrazista edo xenofobo bat pairatu duela uste duenak», zehaztu du kontseilariak. Dioenez, bada, zitazio faltsuen auzia «ez da Nafarroako Gobernuaren eskumena». Kontseilariak erantsi du, halere, bera buru duen departamentuak «harreman estua eta etenik gabea» duela SOS Arrazakeria elkartearekin.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)