Eskoletan segregazioa amaitzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari
Euskal Eskola Publikoaz Harro topaguneko kideen ustez, ikasleen arteko bereizkeriak «lotura zuzena» du hezkuntza sare pribatu-itunpekoak Euskal Herrian duen pisuarekin
Berria, , 04-02-2022Erabakitzear dago Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Hezkuntzaren inguruko akordio berria, Hezkuntza Lege berri baten oinarri izango dena, eta datozen hamarkadetan indarrean egotea da Eusko Jaurlaritzaren nahia. Euskal Eskola Publikoaz Harro topaguneko kideen ustez, gaur egungo legean aldaketa sakonak egitea «ezinbestekoa» da segregazioa amaitu nahi bada. Plataformaren esanetan, bereizketa horrek lotura zuzena du hezkuntza sare pribatu-itunpekoak Euskal Herrian duen pisuarekin; izan ere, bi sare egoteak, berez, «segregazioa sortzen» du: «Segregazioa nagusi da hezkuntza sistema osoan: segregazio ekonomikoa eta soziala». Horregatik, ohartarazi dute ez dutela onartuko «eskola publikoa sistemaren erdigunean jartzen ez duen» akordiorik.
Euskal Eskola Publikoaz Harro topaguneko kideek manifestu bat kaleratu dute, eta atxikimenduak biltzeari ekin diote eskola publikoetan. Atzo, horren berri eman zuten hedabideen aurrean, Gasteizen. Hainbat ikasle eragile eta sindikatuk ere bat egin dute agiriarekin; besteak beste, Steilas, CCOO, ESK eta CNT sindikatuak atxikitu dira.
Plataformako kideek uste dute alderdi politiko gehienek ez dutela hezkuntza publikoa indartzeko asmorik. Atzoko agerraldian, ohartarazi zuten egungo legea errotik aldatzen ez bada hezkuntza sistema «desorekatua eta diskriminatzailea» izango dela aurrerantzean ere. Are, gaineratu zuten eskola publikoa merkeagoa eta ekologikoagoa dela, eta gaur egun gizarteari ekarpen handiena egiten diona: «Euskal gizartearen kohesioari ekarpen handiena egiten diona eta baldintzarik zailenetan ere ikasle gehien euskalduntzen duena».
Izan ere, «orain arte sare publikoan egin diren aldaketa apurrek» ez dute aldaketa nabarmenik ekarri, «arazoa egiturazkoa delako». Are, diruarekin konpondu ezin diren arazoak direla nabarmendu zuten: «Hezkuntza sistema osoaren arazoa da, ez bakarrik sare batena, eta ezin da diruarekin bakarrik konpondu. Behar dira bestelako planifikazioa, zonifikazioa…».
Eredu bakarraren alde
Hezkuntza Lege berriak jaso beharko lituzkeen konpromisoak eta zeharkatu beharko ez lituzkeen mugak ere zehaztu zituzten. Nabarmendu zuten ez dela onargarria «eskola publikoa eta pribatua parekatzen duen akordiorik edo legerik», eta Eusko Jaurlaritzak «eredu bakarraren alde» egin beharko lukeela. «Zergatik finantzatu guztion diruarekin guztiontzat ez diren ikastetxeak?», galdetu zieten Jaurlaritzako arduradunei. Era berean, «bokazio publikoa duten ikastetxeek publifikatzeko aukera» izan dezatela ere eskatu zuten.
Hezkuntza Lege berrian alderdi politikoen arteko akordioa garrantzitsua da, topaguneko kideen iritziz, baina «hori bezain garrantzitsua da hezkuntza eragileekin eta eskola publikoko komunitatearekin adostasunak bilatzea». Beraz, ohartarazi zuten eskatutakoa betetzen ez bada «salaketara eta mobilizazioetara» joko dutela.
Agiria zabaldu ostean, LAB sindikatuak ere bat egin zuen Topaguneko kideek egin zituzten aldarrikapenekin. Hala ere, beste proposamen batzuk mahaigaineratu zituen: «LABek Euskal Eskola Publiko Komunitarioa sortzea proposatzen du, titularitate publikoko eta hezkuntza komunitatearen parte hartzean oinarritutako hezkuntza sare bakar eta burujabea». Horrez gain, «tokian tokiko hezkuntza antolaketa publiko» baten aldeko apustua egin zuen sindikatuak.
(Puede haber caducado)