176 lagunentzat portu segurua lortu du «Aita Mari»-k Lampedusan

Gara, Gara, 31-01-2022

Etsipen une latzak pasatu ondotik, atzo arratsaldean jakinarazi zuen «Aita Mari» Mediterraneoan pertsonak erreskatatzen dabilen itsasontziak portu segurua topatu zuela azkenik. Erreskate lanetarako moldatutako atunontzian zihoazen 176 migranteek, tartean haurrak, gogotik ospatu zuten Lampedusan lehorreratu ahal izanen zirela jakin zutenean.

Albiste pozgarria heldu zenean, Itsas Salbamendu Humanitarioaren ontzia Siziliako uhartera zihoan ekaitz handi batetik babesteko. Izan ere, Twitterren azaldu zutenez, bost metrorainoko olatuak espero zituzten.

Ostiralean erreskatatu zituzten pertsona hauek, bi operaziotan. Lehenbizikoan 105 migrante jaso zituzten eta bigarrenean, 71.

Izaskun Arriaran gobernuz kanpoko erakundearen presidente eta osasun langileak, itsasontzian zegoenak, jakinarazi zuen denak ongi zeudela. Koronabirusaren testa egin zieten eta 23 lagun isolatu zituzten positibo eman zutelako.

263 lagun eta zazpi hildako

«Aita Mari»-k aurkitu zuen itsasontzi baten berri eman zuen joan den asteartean. Bertan, 263 pertsonaz gain, zazpi gorpu topatu zituzten. Migrante hauek hipotermiaz hil zirela zehaztu zuten.

Italiako kostaldeko zaindariek erreskatatu zituzten eta handik Lampedusa irlara eraman zituzten.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)