Zazpi migratzaile hilik aurkitu ditu «Aita Mari» ontziak 280 pertsona erreskatatzeko operazio batean

Gara, Gara, 26-01-2022

Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundearen “Aita Mari” euskal ontziak «arriskuan» zen eta 280 pertsona zeramatzan ontzi baten erreskatean parte hartu zuen astelehen gauean, Italiako uretan. Zazpi migratzaile hilik aurkitu zituzten ontzian.

Gobernuz kanpoko erakundeak jakinarazi zuenez, Italiako agintariek «esku ez hartzeko» agindua eman zioten euskal ontziari, eta Italiako Guardiako hiru erreskate ontzik hartu zuten operazioaren ardura. “Aita Mari” ontziaren egitekoa noraezean zen ontzian zeuden pertsonei laguntza ematea izan zen. Lampedusatik jasotako informazioaren arabera, «zazpi gorpu» zeuden erreskatatutako ontzian. Efe albiste agentziak adierazi zuenez, gorpuak hipotermiak jota hildako migratzaileenak dira.

Erreskate zaila

Gobernuz kanpoko erakundeak atzo jakinarazi zuenez, “Aita Mari” ontziak, Lampedusa hegoaldean zela, arrantza ontzi baten eta Lampedusa Radio irratiaren arteko elkarrizketa baten berri jaso zuen irrati uhinen bitartez astelehenean, 20.30ak aldera.

Erreskate ontzi bihurtutako euskal atun ontziak noraezean zen ontziaren posizioa lortu zuen eta, behin aurkitu ondoren, Estatu espainoleko, Maltako eta Italiako agintariei jakinarazi zien. Italiako agintariek gauerdi aldera jakinarazi zioten hiru salbamendu ontzi bertara zihoazela eta “Aita Mari” ontziari «esku ez hartzeko» agindu zioten. Itsasoaren egoeragatik eta etorkinak zeramatzan ontziaren ezaugarriengatik –15 metro inguruko luzera zuen–, maniobra zailak egin behar izan zituzten Italiako salbamendu ontziek migranteak erreskatatzeko, baina, zorionez, azkenean lortu zuten. Alarmphone gobernuz kanpoko erakundeak jakinarazi zuenez, erreskatatutako 270 pertsona baino gehiago lehorreratu zituzten Lampedusan atzo bertan.

“Aita Mari” ontziari dagokionez, joan den ostegunean, urtarrilak 20, abiatu zen Borrianako portutik. Uneotan hegoalderantz nabigatzen jarraitzen du, Mediterraneo itsasoan erreskate eta monitorizazio lanekin jarraitzeko asmoz.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)