Calaiseko kanpamentutik heldutako 50 bat etorkinek egonaldia eginen dute Bidarten

Calaiseko kanpamentuan migratzaile kopuru handia metatzen denean Hexagonoko lurralde ezberdinetara bidaltzeko hautua egiten du Estatu frantsesak. Hala, 50 bat etorkinek egonaldia eginen dute Bidarteko Bi Izarrak opor-egoitzan.

Gara, Maite Ubiria, 26-01-2022

Bidarteko auzapez Emmanuel Alzurik baieztatu duenez, Estatuak eginiko eskaerari baietza eman ondoren urtarrilaren 27tik aitzin 50 bat etorkin inguru hartuko ditu Lapurdiko herri horrek.

Atherbea elkarteak kudeatuko du Bi Izarrak opor-egoitzan iraganen den migratzaileen behin-behineko egonaldia.

Auzapez kontserbadoreak Mediabask hedabideari azaldutakoaren arabera, «nazio elkartasuna eta gizatasun agindua» aintzat hartuta eman du Calaiseko kanpamentutik heldutako etorkinei herrian harrera egiteko urratsa.

Beltalde, Pirinio Atlantikoetako Prefekturak agiri batean azaldu duenez, «gerra eta jazarpenetatik ihesean heltzen diren herritarrei harrera egitea denen gainetik xede humanitarioa da».

Izan ere, Bidarteko alkateak etorkinen egonaldiari amaiera data jartzea galdegin du Estatuaren eskaerari onespena eman aitzin.

Hala, otsailaren 20a bitarte luzatuko litzateke harrera egitasmoa Lapurdiko herrian.

Alzurik azaldu duenez, epea finkatzeak ahalbideratuko luke «egonaldiak iranen duen bitartean baina baita ondoren ere ekimenaren bilana egitea».

Emaitzaren arabera Udalak ez lukeela baztertuko esperientziari jarraipena ematea gehitu du auzapezak.

Baigorriko auzapez abertzaleak zabaldutako bidetik

Izan ere, etorkinen aldeko harrerari buruz eskarmentua bada Ipar Euskal Herrian. Oroitzearren, 2016an gauzatu zen lehen aldikotz harrera ekimena, Baigorrin.

Zehazki, Afrika eta Asiatik ihesean Calaiseko «oihanera» heldutako migratzaile taldea hartu zuten Nafarroa Behereko herrian, Jean-Mixel Koskarat auzapez zelarik. Herritarren inplikazioari esker eredugarri bilakatu zen, elkartasun elkarteen arabera, bertan landutako ekimena.

Horren ondotik Baionako hiriak erreleboa hartu zuen. Beti ere Atherbea elkartearen zaintzapean, Calaisetik heldutako 50 bat migratzaile hartu zituzten 2017an Lapurdiko hiriburuan, betiere etorkinen alde lan egiten duten bolondresen laguntzaz.

Esperientzia baikorra izanik, 2018an Pausa zentroak ateak zabaldu zituen Baionan Jean-Rene Echegaray zentristak buru duen Udalaren babespean.

Gehienetan Gipuzkoa eta Lapurdi arteko muga igarota Pausara heltzen diren etorkinek atseden hartu dezakete beren bidaiarekin jarraitu ahal izateko.

Pausa zentroan hilabetero 600 bat migratzaile hartzen dituzte. Aldiz, lehenik osasun krisia eta horren ondotik «terrorismo islamiarraren mehatxua» argudiatuz frantses agintariek barne mugetan berrezarritako kontrolek traba handiak sortzen dizkiete gaur gaurkoz etorkinei Euskal Elkargoak diruztatzen duen harrera zentrora heltzeko orduan.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)