'La chasse aux enfants'

Berria, 14-07-2006

aurelia arkotxa

Joan den ekainaren 28an, Sarkozyk familia imigratuei dei bat zabaldu zien. Haur eta gazte eskolarizatu klandestino guziak deklaratu behar zirela. Goiz goizetik lerro luzeak formatu ziren zenbait karrikatan. Jendeak, trumilka, ehunka. Beha orenak eta orenak. Haurrak ere. Bezperatik biharamuneraino batzuetan. Gobernuak : bi hilabetez kasu bakoitza etsaminatuko duela. Gehituz : «denak ez ditzakegu legezko bihur»… Mediek zabaldu dituzte imigratuen lerro luzeen irudiak. Amen begiradak, haurrak besoetan. Gurasoek, haurren eskolako paperak, elektrizitate eta gasaren fakturak eskuetan dakartzate. Lucenja, 13 urteko neskatoa 2001ean partitu zen Sri Lankatik. Orain haren familiako bortzak gela batean bizi dira Parisen. Amarekin da. Amari itzultzen dizkio, beren hizkuntzara, lerro luzean jakin dituen azken berriak. Lucenjaren ustez, Sarkozyk ezarri baldintza guziak betetzen dituzte : berak nota onak ditu eskolan, familian nehork ez du «ordenu publikoa nahasi», poliziak ez du bere familian nehor fitxatu. Halere, Lucenja kexu da. Sarkozyk eskatzen duen kondizio nagusietarik bat ez dute betetzen : aitamek, hamar urteren buruan frantsesa ez dute ikasi… Eni, egoera horrek oroitzapen ilunak ekarri dizkit gogora : 1939an, Frantzian, atzerritarrak kanporatzen hasi zituztelarik… Ordea, jendea hasi da, gaur, hemen, oldartzen : neoliberalismoak dakarzkien basakeriak salatuz. Haur ehiziaren konplize ez izateko. Desobedientzia zibila : Thoreau poeta gogoan.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)