Hilberria
Desmond Tutu hil da, Hegoafrikako artzapezpiku eta Bakearen Nobel sariduna
90 urterekin zendu da. Apartheid bereizketaren aurkako borrokako sinbolo handienetako bat izan da. Beste hainbat aitortza ere jasoak ditu, eta Euskal Herrian ere egin zuen bere ekarpena.
Berria, , 26-12-2021Cyril Ramaphosa Hegoafrikako presidenteak iragarri du haren heriotza, eta “nazio mailako dolu berri bat” dela adierazi du. Duela ia hilabete ospitaleratu zuten infkezio baten ondorioz, eta, azkenean, 90 urterekin zendu da. Azken urteotan hainbat aldiz ospitaleratu behar izan dute prostatako minbiziaren eraginez izan dituen infekzioen ondorioz.
Hegoafrikako artzapezpiku emeritu eta Bakearen Nobel sariduna zen, eta apartheid bereizketaren aurkako borrokako sinbolo handienetako bat izan da urte luzez. 1984. urtean jaso zuen Bakearen Nobel sari ezaguna, norabide horretan egin zuen lana eskertu eta goraipatzeko. Beste hainbat aitortza eta sari ere jasoak ditu afrikarren eskubideen alde egin duen lan guztiagatik.
2010. urtean baztertu zen fokuen aurretik, baina geroztik ere askotariko gaiak jorratzen jarraitu du.
Elkartasuna Euskal Herriarekin
Euskal Herrian ere egin zuen bere ekarpena artzapezpikuak. 2014ko martxoan, adibidez, ETAk bere arma guztiak erabilpen operatibotik kanpo jartzeko prozesuari ekiteko hartutako erabakia txalotu zuen, eta hori azaltzen zuen idazki bat ere argitaratu zuen. Halaber, Arnaldo Otegiren askatasuna edota euskal presoak sakabanatu eta urruntzeko politikaren amaiera eskatu zituen publikoki. Bruselako Adierazpenaren sinatzaileetako bat ere izan zen.
Hala, Euskal Herrira ere iritsi da bere heriotzaren samina, eta hainbat ordezkari politiko eta eragile bere heriotzaren eta Euskal Herriari eman zionaren inguruan mintzatu dira; tartean, Arkatiz Rodriguez eta Arnaldo Otegi politikariak.
Fermin Muguruza musikariak ere penaz hartu du Tuturen heriotza, eta 1985. urtean Kortatu taldearekin batera eskaini zion kantuaren inguruan hitz egin du. Desmond Dub izena du abestiak, eta musikariak sareetan adierazi duenez, bere borrokari eskainia da. Hala kontatu du: “Agur eta ohore Desmond Tutu. Brian Currini eginiko agindua ezin izango dut bete, Desmonden aurrean kantua abestu eta oker geundela gure kritiketan esan, baina Brianek mezua helarazi zion, esanez bere borrokari eskainia zela ere bai”.
(Puede haber caducado)