Migranteak laguntzeagatik jendea atxilotzen ari direla salatu du Etorkinekin kolektiboak

Errefuxiatuei laguntza eskaintzeagatik hainbat pertsona atxilotu dituztela salatu du Etorkinekin kolektiboak agiri bidez eta, aldi berean, aldarrikatu du elkartasuna ezin dela legez kanpokoa izan. Interes pertsonalik gabe migranteak laguntzen dituzten pertsonekiko sostengua agertu du kolektiboak.

Gara, Idoia Eraso, 27-12-2021

«Elkartasuna ez da sekulan legez kanpokoa izanen». Hitz horiekin, azken garaian migranteak laguntzeagatik atxilotuak izan diren pertsonekiko sostengua adierazi nahi izan du, adierazpen baten bitartez, Etorkinekin Ipar Euskal Herriko taldeak. Aurreko astean izan zen atxiloketa baten berri eman du.

Migranteei laguntza eskaintzen dien jendearekiko «presioa eta trabak» handitzen ari direla jakitera eman du kolektiboak: «Autoritateek bideratu nahi duten larderiazko giroa salatzen dugu. Ez garat lotsatuko, gure jendetasuna ez dugu bazter utziko».

Joan den astean Biriatuko emakume bat erosketak egitera zihoala, autoan hiru migrante gazte hartu ondoren, poliziak gelditu eta mugako polizia zuzendaritzara eraman zutela azaldu dute Etorkinekinetik.

Afrikar jatorriko hiru pertsonak mugara eramanak izan ziren. Hirurogei urte inguruko emakumea polizia etxean hogei orenez atxiki zuten, gau osoa bertan pasatu behar izan zuen, eta bere autoa miatu zuten. Biharamunean kargurik gabe aske utzi zuten.

Atxiloketa gehiago

Gogora ekarri dutenez, azaroaren bukaeran kolektiboko kide bat atxilotu zutela lau maliar laguntzen ari zelarik, eta hainbat oren pasa zituela poliziaren eskutan. «Harritzen eta mintzen gaitu ikusteak migranteak eta laguntza ematen dieten harritarrak nola tratatuak diren». Bidasoa zeharkatzea lortzen duten migranteak sistematikoki mugaren bestaldera eramanak direla nabarmendu nahi izan dute.

Eta aldi berean gaitzetsi dute bertako biztanleek «jendetasunez jokatzen dutelarik laguntza ekarriz, autobus geltokira eramanez, gaueko aterbea eskainiz…» pairatzen duten tratua.

Frantziar Gobernuaren jokabide hau salatzeko Konstituzioak ematen duen eskubidea ekarri dute gogora, bai eta Kontseilu Konstituzionalak 2018an eman zuen deliberoa ere, non «Estatuan egonaldiaren erregulartasunari behatu gabe norbaiti laguntza ekartzea eskubide bat» dela adierazten duen.

Manifestazioa

Europa mailan bizi den migrazio krisiak Euskal Herrian, eta bereziki Bidasoaren inguruan bizi den egoera larria salatzeko protesta ekimen anitz egiten ari dira ibaiaren bi aldeetan. Larunbatean hamarka pertsona elkartu ziren Baionan, migranteek bizi duten jazarpena salatzeko.

Etorkinekin kolektiboarekin batera, La Cimade, Les Bascos eta Diakitek ere egin zuten protestarako deialdia. ‘Gure herria=elkartasuna’ leloa euskaraz bezala frantsesez ere idatzia zuen pankartaren gibeletik ibili zen jendea, Baionan zehar, baita migranteei harrera egiten dien Atherbea gunearen aurretik ere.

Migranteak laguntzen dituzten kolektiboen aldeko ekimena

Bizi mugimendu altermundialistak, urtero bezala, urtats arratsean Patxokin ekitaldia antolatuko du dirua biltzeko migranteei harrera egiten eta laguntza eskaintzen duten kolektibo eta elkarteen alde.

Abenduaren 31an eguerditik eta 20.00etara musika, ‘opari solidarioak’, haurrentzako animazioak eta jan eta edatekoak izanen dira.

Mugimenduaren baitan migranteak laguntzeko dagoen taldeak antolatzen du ekimena, eta bertan parte hartzera gonbidatu dute «elkartasunaren eta eskuzabaltasunaren eguna izan dadin».

Parte hartzeko hiru era proposatu dituzte, lehenagotik animazioa segurtatu dezaketen musikari edo artistekin harremanetan jarriz, edo komunikazioan parte hartuz, sare sozialen bitartez zabalduz, edo afixen kolaketan parte hartuz.

Egunean bertan ere, lagundu nahiko luken pertsona orori irekia da, laguntzaile gisa aritzeko, laguntza beharko baita eremu ezberdinetan: ostatua atxikitzen, haurren animazioak egiten…

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)