Itxialdiko lehen 15 egunetan etxeko zaintzaileen %54 kaleratu zituzten
Deustuko Unibertsitateak antolatutako ‘Emakumeak eta migratuak, bi urteko pandemia generoaren ikuspegitik’ izenburupeko jardunaldian koronabirusaren krisiak emakume migranteen egoeran zer nolako eragina izan duen aztertu dute.
Gara, , 16-12-2021Hirugarren sektoreko langileak eta Deustuko Unibertsitateko ikertzaileak elkartu dira ostegun honetan, Bilbon, ‘Emakumeak eta migratuak, bi urteko pandemia genero ikuspegitik’ jardunaldiaren baitan covid-19ak eragindako ezohiko egoeraren ondorioz emakume etorkinek bizi duten errealitatea plazaratzeko asmoz.
Azaldu dutenez, barne-erregimenean diharduten etxeko langileen egoera kaskartu da gehien. Zehazki, behargin horien %54 zuzenean kaleratuak izan ziren itxialdiko lehen 15 egunetan eta, gainera, kaleratuen %94k ez zuen inongo indemnizaziorik jaso.
Datu horiek plazaratuz eman dio hasiera Trabajadoras Sin Domesticar kolektiboko kidea eta abokatua den Liz Quintanak covid-19ak eragindako ondorioen inguruko mahai inguruari.
Quintanaren esanetan, gaur-gaurkoz barne-erregimenean zaintza lanetan diharduten beharginen %95 emakume migranteak dira, jatorri hego-amerikarrekoak kasu gehienetan.
Beraz, zaintzaile horiena lanpostu erabat feminizatu eta arrazializatua dela baieztatu du. Hala ere, ohartarazi du osasun krisiak aurrez existitzen zen egoera bat «nabarmendu, ikusarazi eta sakondu» besterik ez duela egin.
Hala, abokatuak salatu du itxialdiak «erabateko eromena» suposatu zuela emakume hauentzat. Aipatu bezala, haietako asko zuzenean kaleratu zituzten, gehienak inongo kalte ordainik jaso gabe gainera. Lanpostuari eustea lortu zutenentzat, egoera ez zela askoz hobea izan gaitzetsi du Quintanak: «Kaleratu ez zituztenetako askori esan zieten itxialdiak iraun bitartean lanik eta soldatarik gabe geratuko zirela eta, gainera, egun horiek beraien opor egunak izango zirela».
Barne-erregimeneko beharginek bizi behar izan zuten beste egoera bat ere gaitzetsi du Quintanak: librantza egunetan beraien lantokian jarraitu behar izan baitzuten. Hori pairatu zuten emakumeek beren librantza egun apurrak galdu zituzten, prekarietate eta abusu egoerak areagotuz. «Nagusiek ez zuten inongo deskantsu egunik errespetatu», adierazi du.
Halako prekarietatea pairatu arren, emakume hauek lanari ezin ziotela uko egin nabarmendu du Quintanak, barne-erregimenekoen kasuan lantokia eta etxebizitza leku berbera baitziren: «Emakume hauentzat lana galtzeak etxebizitza galtzea esan nahi du».
Hori gutxi balitz, emakume migrante hauek biolentzia sexuala, arrazista, instituzionala eta sinbolikoa pairatzen dituztela salatu du eta, ildo beretik, etxeko zaintzaileen aferari heldu eta «erantzukizun kolektiboz» jokatzeko exijitu du. «Gizarte moduan eskubide hauek aitortu eta indarrean dagoen araudia aldatzeaz gain, zaintzaren afera nola konpondu behar dugun erabaki behar dugu», aldarrikatu du.
Era berean, Quintanak zehaztu du oinarrian dagoen arazoa ez dela «koiunturala» eta ezer egin ezean 10 urte barru zaintzaren aferak berdin jarraituko duela.
Buruko gaitzak
Ondoren, Buru Osasunaren inguruan mintzatu da Maria Jose Cano, Fedeafes buruko erien elkarteen federazioko gerentea. Bere hitzaldiaren hasieran, Canok azpimarratu du osasuna ez dela afekzioen ausentzia, baizik eta ongizate fisiko, sozial eta mentala dela.
Horren ostean, emakumeen osasun mentalaren inguruko datu kezkagarri batzuk plazaratu ditu Canok. Izan ere, emakumeek, orokorrean, antsitetatea, depresioa eta buruko gaitzak garatzeko «arrisku faktore gehiagorekin» kontaktuan daudela jakinarazi du. Arrisku faktore horien artean bi aipatu ditu: lan baldintza prekarioagoak izatea eta pandemiaren lehen lerroan egon izana.
Zehazki, Canok esan du funtsezko lanen %76 emakumeek egin zituztela itxialdian, horrek dakartzan arriskuekin. Adibide batekin ilustratu du Canok datu hori: pandemiaren lehen lerroan egon ziren beharginei zuzendutako zerbitzu bat martxan jarri zuen Osakidetzak, arreta psikologikoa eskaintzeko. Canok jakinarazi duenez, zerbitzu hori baliatu zuten profesionalen %88 emakumeak izan ziren.
Horrez gain, covid-19aren olatu edo goraldi bakoitzeko, elikadura jokabidearen nahasmenduengatik ospitaleratze psikiatrikoak hirukoiztu egin direla salatu Fedeafeseko buruak.
(Puede haber caducado)