Bazterkeria arriskuan dauden pertsonak EAEko aurrekontuetan sartzea eskatu du Sos Arrazakeriak

Lakua, aldundi eta udaletako aurrekontuetan bazterkeria arriskuan dauden pertsonak kontuan hartzea eskatu du Gipuzkoako SOS Arrazakeria taldeak.

Gara, Naiz, 14-12-2021

EAEko administrazio ezberdinetan aurrekontuak eztabaidatzen ari diren honetan, Gipuzkoako SOS Arrazakeriak taldeak «bazterkeria arriskuan dauden pertsonak aurrekontuetan sartzea» eskatu du.

«Arreta behar duten premien multzotik, premia batzuek ohiuka eskatzen dute arreta. Horiek zuzenean egiten diete erreferentzia bazterkeria egoeran dauden edo arriskuan egon daitezkeen pertsonei», adierazi dute ohar baten bidez.

Behar horien artean, bi helburu nabarmendu dituzte. Alde batetik, «bizitegi-baliabide duinik ez dituzten pertsonak kaletik ateratzea». Gogora ekarri dute, zentzu horretan, Donostiako Harrera Sareak Sirena aterpetxea neguko gau guztietan irekita egotea eskatu zuela, ez soilik tenperaturak oso baxuak direnean.

Bestalde, «gauero goseak bizi direnei janari beroa banatzen dieten herritarren kolektiboek ere janaria banatzeko premiari aurre egiteko diru-laguntzak handitzea» eskatu dute. «Admnistrazioko hiru mailak (Lakua, aldundiak eta udalak) inplikatuz gero, neurri hauek oso gastu txikia suposatzen dute», azpimarratu du SOS Arrazakeriak taldeak.

«Bi premia hauei zenbait errekurtso bermatuz, aurrera egingo genuke Foru Aldundiak Donostian antolatzen duen Etorkizuna Eraikiz Biltzarrean egunotan iragartzen ari diren helburuetan». Aldundiaren helburuetan bost profil nabarmentzen dira eta horietako hirurekin lotu dituzte eskariak: «Zaurgarritasun eta gizarte-bazterkeria egoeran dauden pertsonak, hauskortasun eta mendekotasun egoeran daudenak eta arrisku eta babesgabetasun egoeran dauden nerabeak».

Honelak, administrazioei «helburu hauek aurrera eramateko eskaintzen duten aukera aprobetxatzeko» eskatu diete, «erabaki honetan behintzat», gizartearen gehiengo handiaren babesa dutela nabarmenduz.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)