Hainbat adituk gorroto diskurtsoei buruz jardungo dute Bilbon

Eusko Jaurlaritzaren ekimenez antolatu dituzte jardunaldiak. Gaur hasi eta bihar bukatuko da kongresua. Besteak beste, 'bullying'-ari, arrazakeriari eta berdintasunari buruz hitz egingo dute.

Berria, Unai Etxenausia, 02-12-2021

Eusko Jaurlaritzak tratu berdintasunari eta diskriminaziorik ezari buruzko II. kongresua inauguratu du gaur. Gorroto diskurtsoari aurre egiteko erantzunak izena du jardunaldiak, eta gaiaren inguruko zenbait adituk parte hartuko dute. Besteak beste, bullying-ari, arrazakeriari edo berdintasunari buruzko hitzaldiak zein mahai inguruak antolatu dituzte. Gaur eta bihar egingo dute kongresua, Deustuko Unibertsitateko entzungelan, Bilbon.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak parte hartu du kongresuaren inaugurazio ekitaldian. Sailburuak Jaurlaritzaren erronkez eta konpromisoez hitz egin du: «Datozen urteotarako, funtsezko erronka bat dugu: diskriminazioaren eta desberdinkeriaren aurka borrokatzea. Populismoko eta ultraeskuinaren goren uneko garai hauetan, irmo egon behar dugu. Atzerapauso bat ere eman gabe». Hala, Artolazabalek argi dauka «inor kanpoan utziko ez duen gizartea» lortzea izan behar dela helburua.

Sailburuaren iritziz, XXI. mendean elkarrekin bizitzeak, «aniztasunean bizitzea» esan nahi du. «Gorroto diskurtsoek eta, jakina, gorroto delituek honako bereizgarri hau dute: etniaren, erlijioaren, politikaren, generoaren, gizartearen edo jatorriaren inguruko etiketa baten balioa pertsonen balioaren eta haien duintasunaren aurretik jartzen dute». Horren aurrean, eskatu du «irmoak» izateko diskurtsoa mantentzen. «Gure ekintzekin konprometituak izan behar dugu», esplikatu du.

Azkenik, garrantzitsutzat jo du giza eskubideen errespetuan oinarritzen diren politika publikoak sustatzea, bizikidetzarako kultura eta hezkuntza sustatzen dutenak: «Gorrotoaren diskurtsoari aurre egiteko, gure erantzun ozena eta argia aniztasunaren diskurtso positiboa eta kudeaketa positiboa da».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)