Migrazioak
Gutxienez 31 migrante ito dira Mantxako Kanalean, Erresuma Batura heldu nahian
Boris Johnson lehen ministroak esan du «penagarria» zaiola gertaturikoa, eta ahaleginak eta bi egingo dituela «giza trafikoan dabiltzan taldeak» gelditzeko.
Berria, , 24-11-2021Mantxako Kanalean, Calaistik (Frantzia) gertu hondoratu da gaur migranteak zeraman ontzi bat, eta gutxienez 27 hil dira itota. 2014. urtean hasi ziren bide horretatik Erresuma Batura heldu nahian hildakoen inguruko datuak biltzen, eta ordutik inoiz ez da horrenbeste pertsona hil batera.
Arrantzontzi batek eman du abisua gaur arratsaldean, hainbat pertsona uretan ikusi dituenean. Erreskate operazioa abiatu dute Frantziatik zein Ingalaterratik. 27 gorpu jaso dituztela baieztatu du Natacha Bouchart Calaiseko alkateak. Bi pertsona bizirik atera dituzte, baina uste dute ontzian gutxienez 30 migratzaile zeudela.
Frantziako Lehen ministro Jean Castexek deitoratu du tragedia. Haatik, Johnsonek bezala, «migranteen etsipena eta miseria esplotatzen dituzten trafikatzaile kriminalak» seinalatu ditu.
«Honek erakusten du hil ala bizikoa dela jendea itsasora modu honetan bidaltzen ari diren kriminalen negozio eredua apurtzeko ahaleginak azkartzea», adierazi du Johnsonek.
Hainbat ontzi txiki heldu dira gaur Ingalaterrako kostara. Aurten, 25.700 pertsonak gurutzatu dute Mantxako Kanala era horretan, hau da, inoiz baino gehiago.
(Puede haber caducado)