«Dolua eta salaketa» Irunen beste migratzaile bat Bidasoan hil ondoren

Ipar Euskal Herrira iristeko Bidasoa gurutzatzen saiatzen ari zela larunbatean migratzaile bat hil ostean, «dolu eta salaketa» kontzentrazio batek migrazio bidean direnek jasotzen duten «harrera eskasa» salatu zuen atzo Irunen. «Heriotzak ez gaitu harritu, bagenekien gertatuko zela», azaldu zuen Irungo Harrera Sareak.

Gara, Gara, 22-11-2021

Ehunka pertsona bildu ziren atzo eguerdian Irunen, udaletxearen aurrean, Bidasoa ibaia zeharkatzen saiatzen ari zen pertsona migratzaile baten heriotza salatzeko. Egoera berean azken sei hilabeteotan hildako hirugarren laguna da. «Azaroaren 8an jakinarazi genuen jada baldintza guztiak betetzen ari zirela migratzaileak Europa iparralderanzko bidaian beharrezkoak ez ziren arriskuak hartzera bultzatzeko», adierazi zuen Irungo Harrera Sareak.

Sarearen iritziz, Irunera iristen diren migratzaileei «ez zaie eman behar zaien harrera ematen», eta boluntarioen sare horrek egiten du «erakundeek egin beharko luketen lana». Adierazpenok Josune Mendigutxia kolektiboaren bozeramaileak egin zituen atzoko kontzentrazioan. Bertan, pankartak zabaldu zituzten bildutakoek, besteak beste, “Ez heriotza politikei, ez arrazismoari”, ”Zirkulazio askatasuna” edo “Ez dira heriotzak, hilketak dira” leloekin.

«Ariman min egiten digu, baina izandako heriotzak ez gaitu harritu, bagenekien gertatuko zela, eta salatu egin genuen. Erakundeei eskatzen diegu prentsan saltzen duten harrera bete dezatela, gauza bat baita saltzen dutena eta beste bat benetan gertatzen dena», nabarmendu zuen Mendigutxiak. Bozeramaileak azpimarratu zuenez, «mugako blokeoa izugarria da, eta migratzaileak bide txarrenetara bultzatzen ditu». Horren erakusle, herenegun Bidasoan hildako migratzailearen saiakera.

Atzoko mobilizazioaz gain, giza kate bat ere deitu dute Ipar Euskal Herriko taldeekin batera, gaur, 19.00etan. Bidasoaren bi ertzetatik abiatu eta Santiagoko zubian elkartuko dira, mugako biktimak omendu eta Europako migrazio politikak salatzeko.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)