Immigrazioaren aferan «konpromiso berria» aurkeztu dute Rabaten

Agintariek diru laguntzez hitz egin arren, kontrol neurriak gogortzera mugatzen direla salatu du Jauregik; haren iritziz, azpiegitura ekonomikoa da aldatu beharrekoa.

Berria, 12-07-2006

arantxa elizegi

Etorkinei laguntzea da SOS Arrazakeriaren helburua. Ez da, ordea, lan erraza. Erakundeko kide Diego Jauregi Batarritaren arabera, kanporatutako etorkinek maiz ez dute Europara sartzen berriz ahalegindu beste irtenbiderik.

Iaz urte osoan iritsi ziren etorkinak baino gehiago iritsi dira aurten sei hilabetean Europara.

Ez dut uste etorkin kopurua handitu denik. Kontua da gehiago hitz egiten dela haietaz, bai Europako politikak aldatu direlako, eta baita Afrikako herrialdeek era horretan diru laguntzak lortu nahi dituztelako ere. Lehen bisatuarekin etortzen ziren, gero Maroko Ceuta eta Melillatik [Espainiaren menpeko lurraldeak] banatzen duen hesia igarotzen zuten, eta orain txalupetan iristen dira. Migrazioak ez dira aldatu; aldatu dena bidaiaren arriskua eta prezioa izan dira.

Zein da irtenbidea?

Lehenik eta behin, immigrazioa badagoela eta hura debekatzearekin ez dela nahikoa onartu behar dute. Debekuekin lortu duten bakarra da bidaiak arriskutsuagoak bilakatzea. Espainiak, esaterako, kredituez eta garapenerako laguntzetaz hitz egiten du, baina benetan negoziatzen ari direna da mugetako kontrolak zorroztea eta kontzentrazio esparruen itxura duten errefuxiatuentzako kanpamenduak egiteko diru gehiago. Afrikako herrialdeei immigrazioa oztopatzeko diru gehiago ematea da negoziatzen ari direna. Giza eskubideak urratzen ari dira Europako Batasunaren eta Espainiaren diruarekin. Arazoa amaitzeko azpiegitura ekonomikoak aldatu behar dira. Diru laguntza soilekin ez dugu ezer konponduko.

Zergatik hitz egiten dute garapenerako laguntzetaz, gero muga kontrolatzera mugatzen badira?

Politagoa delako esatea herrialde txiroei laguntzen ari garela. Aldiz, haiei lapurtzen ari gara eta hartutakoa itzuli beharrean, gure soberakinak ematen dizkiegu.

Europak bermatzen ditu etorkinen giza eskubideak?

Ez. Ez daude bermatuak ez Europan, eta ezta muga horietatik kanpo ere. Kontraesanak asko dira. Batetik esaten dute Europako Batasuna aitzindaria dela giza eskubideen arloan; eta bestetik, giza eskubideak urratzeko eskatzen diete beste herrialdeei, Europaren nahiak asetzeko. Marokon etorkinak tirokatzen dituen militarrari ez zaio axola haiek Espainian sartzea. Hori egiten du horretarako ordaintzen diotelako, eta Espainiak ordaintzen dio. Baina giza eskubideen urraketak ez dira soilik Afrikan gertatzen. Kontsulatuetan etorkinei ematen zaien tratua eta EBk Europan sartzear dauden herrialdeekin immigrazioaren inguruan egiten dituen akordioak ere ikaragarriak dira. Gaur egun 15 milioi pertsona daude EBn bozkatzeko eskubiderik gabe.

Iazko urte bukaeran ehunka izan ziren Maroko eta Melilla eta Ceuta arteko hesia igarotzen saiatu zirenak. Gutxienez 13 hil ziren. Gehienak tiroz. Ikerketarik abiatu dute?

Ez. Guk hainbat salaketa jarri ditugu hilketa horiengatik, odol hotzean egindako hilketak izan zirelako horiek. Tratu txarrak jasan zituzten eta desertuan utzitako pertsonen kasuak ere salatu ditugu; baita Marokon jarritako kontzentrazio esparruak ere. Erokeria guzti hori salatu dugu. Baina inork ez du ezer ikertu nahi. Guztia airean dago. Badirudi beltzei tiro egitea onartua dagoela muga kontrolatzeko, edo hura kontrolatzen dutela esateko. Gure kontura ikertzen ere saiatu gara. Baina ateak itxi dizkigute, eta Espainiako Gobernuak behin eta berriz ezkutatu du benetan gertatzen ari dena.

Bere garaian, Rabatek eta Madrilek hitzartu zuten Europara Marokotik igarota sartzen ziren etorkinak Marokora itzuliko zituztela, eta hark beren herrialdeetara eramango zituela.

Hori batzuetan soilik egiten dute. Ordaindutako diruaren arabera. Baina arazoa da ez dituztela zehazten akordioaren baldintzak. Ez da nahikoa esatea kanporatu egingo dituztela. Giza eskubideak bermatzen ez dituzten herrialdeetara eraman nahi dituzte pertsona horiek. Harrigarria da egunotan mugak kontrolatzeko akordioak sinatzen aritzea Rabaten, kontrol horiek hildako gehiago eragingo dituztela badakitenean, eta neurri horiek giza eskubideak urratzen dituztenean. Europako Batasuna eta Espainia dira hori bultzatzen dutenak, baina beste batzuei ordaintzen diote lan zikina egin dezaten.

Akordio mota horiek betetzen dute Genevako Giza Eskubideen Ituna?

Ez. Hitzarmen horiek nazioarteko legedia urratzen dute. Espainia diru asko ordaintzen ari da giza eskubideak urra ditzaten.

Zer egin dezake giza eskubideak urratu dizkioten etorkin batek?

Oso zaila da. Espainiatik legez kanpo kanporatutako 73 pertsonen kasuak daramatzagu guk, besteak beste. Horiek Marokora kanporatu zituzten eta handi basamortura eraman zituzten. Baina ziurrenik salaketa horietako asko bertan behera geratuko dira, pertsona horiek ez daukatelako beren buruak defendatzeko baliabiderik. Ezer gutxi egin dezakete, eta beraz berriz saiatzen dira Europan sartzen. Inoiz ez dira milaka izan hesia igarotzen saiatu direnak, kontua da ehunka gutxi horiek egunean hiru aldiz saiatzen zirela hura igarotzen.

 

«Afrikako herrialdeei immigrazioa oztopatzeko diru gehiago ematea da negoziatzen ari direna»

«Mugak kontrolatzeko akordioak sinatzen ari dira, hildako gehiago eragingo dituztela badakitenean»

 

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)