'Migrazioak eta harrera linguistikoa' gaia landuko da XIII. Soziolinguistika Jardunaldian

Ostegun honetan egingo da Iruñean, gaia ikuspegi desberdinetatik lantzen duten «aditu eta arituen» parte-hartzearekin

Diario Vasco, , 11-11-2021

Hizkuntzen arteko elkarbizitzaren eta euskararen biziberritze-prozesuaren ikuspegitik ere konplexua da atzerrian jatorria duen biztanleriaren proportzioaren hazkuntza eragiten ari den aldaketa. Hurrengo urteetan gehiago haziko dela aurreikusten da, gainera. Fenomenoa ez da berria, eta horren inguruko lanak ere ez, baina arreta berezia ari zaio eskaintzen aurten gaiari Soziolinguistika Klusterra. Hala, ‘Bat’ soziolinguistika aldizkariaren 119 zenbakia, urteko bigarrena, ‘Immigrazioa, hizkuntza-aniztasuna eta euskara’ gaiaren inguruko monografikoa izan da, eta «erronka horiei arrakastaz erantzuteko gakoak identifikatzeko saiakera» egingo da halaber ostegun honetan, azaroak 11, Iruñean egingo den 2021eko Euskal Soziolinguistika Jardunaldiaren XIII. edizioan.

Antolatzaileek jardunaldien aurkezpenean nabarmendu zutenez, «gaur egungo immigrazioko biztanleriak inoiz baino ezaugarri desberdinagoak ditu, bai jatorri-estatuei dagokienean, baita kultura zein hizkuntza desberdinei dagokienean ere. Jakina, horrekin batera azaleratzen ari diren egoera sozial, ekonomiko eta politikoak ere askotarikoak dira. Beraz, aurreikusi gabeko konplexutasuna kudeatzea ezinbestekoa izango da euskararen biziberritze-prozesuan gizarteak aurrera egin dezan eta kulturen eta hizkuntzen arteko errespetuan eraikitako gizarte kohesionatua bideratu dadin.

Hartara, ‘Migrazioak eta harrera linguistikoa’ izango da Iruñeko Baluarte Kongresu Jauregian egingo den jardunaldiaren gai nagusia. Nafarroako Gobernuko Euskarabidearen eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzarekin antolatu den jardunaldian «gaia ikuspegi desberdinetatik lantzen duten pertsonek elkar topatzea eta solastea erraztuko da». Aldi berean, «egoeraren deskribapena egiten duten ikerketak, erakunde publikoetatik eta hezkuntza-komunitateetatik martxan dauden egitasmoak ezagutzeko aukera eskainiko da eta aditu zein arituen arteko iritzi trukerako guneak bideratuko dira».

Goiz eta arratsaldeko egitarauak demografia, gizarte-ikerketa, hezkuntza eta politika publikoen ikuspegitik begiratuko die aipatutako erronka horiei. Horretarako bertako eta kanpoko ikerlariak, adituak eta profesionalak egongo dira hizlari bezala eta parte hartzaile bezala.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)