Polonia

Bielorrusia zigortzeko aukera aztertuko du EBk, krisi bat «eragitea» egotzita

Ehunka migratzaile Polonia eta Bielorrusia arteko mugan harrapatuta daude oraindik ere. Gauean Varsoviak dozenaka lagun atxilotu ditu, muga legez kanpo igarotzea egotzita.

Berria, Arantxa Elizegi Egilegor, 10-11-2021

Irak, Siria eta Afganistandik joandakoak dira gehienak, eta askok, egunak ez ezik, asteak ere badaramatzate Bielorrusiako mugako behin-behineko kanpalekuetan bizitzen. Adin txikikoak ere badira tartean. Polonia aldera igaro nahi dute, eta handik EB Europako Batasuneko beste herrialderen batera joan, agian errefuxiatu estatusa eskatzeko. Baina Poloniak ateak itxi ditu, eta milaka soldadu bidali muga zaintzera. Horrez gain, iragarri du ez duela baztertzen NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeari laguntza eskatzea.

EBko 27 estatu kideen ezohiko bilera ere eskatu du Varsoviak, Bielorrusiaren aurkako zigorrez hitz egiteko. Izan ere, Minski egozten diote krisi bat «eragitea», errefuxiatuei mugara heltzea erraztuz. «Ez dago zalantzarik [Bielorrusiako presidente Aleksandr] Lukaxenkoren gauza dela hau. Ez gara migrazio krisi batez ari, krisi politiko batez baizik, Minskek sortua Europako Batasuna desegonkortzeko», esan du Mateusz Morawiecki lehen ministroak. Varsovian eskaini du prentsaurrekoa Europar Kontseiluko presidente Charles Michelekin batera. Hark iradoki du aukera legokeela Bruselak diruz laguntzeko Poloniak Bielorrusiarekiko mugan eraiki nahi duen hesia —orain arte Europako batzordeko presidente Ursula von der Leyenek ukatu egin du halakorik—.

Astelehenaz geroztik 15.000 soldadu bidali ditu Varsoviak mugara, azken 3.000k gaur bertan —lau soldadu daude batez beste mugatik gertu dagoen migratzaile bakoitzeko—. EBrantz igarotzeko asmoa dutenei, berriz, SMS bana bidali diete ohartaraziz pasabideak itxita daudela, eta Bielorrusiari gezurretan aritzea egotziz. Alemaniako jarduneko kantziler Angela Merkelek aktore bat gehitu dio gatazkari: Errusia. Kantzilerrak telefonoz hitz egin du Vladimir Putin presidentearekin, eta ohartarazi dio «gizagabea» dela Bielorrusiako erregimenak migratzaileak «tresna gisa» baliatzea.

Bart gauerdiaz geroztik, eta Varsoviako iturrien arabera, Poloniako mugazainek 200 bat lagun atzeman dituzte Bialowieza herrian. Lituaniako indarrek ere 300 lagun inguru atxilotu dituzte azken orduetan, eta guztiak Bielorrusiara bidali dituzte berriz.

Michelle Bacheletek, Giza Eskubideetarako Nazio Batuen Goi Mandatariak, onartezintzat jo du mugako egoera, eta alde guztiei eskatu die neurriak har ditzatela tentsioa murrizteko: «Bi aldeek emandako erantzunak segurtasunean eta adierazpen politikoetan oinarritzen dira, eta suari egur gehiago botatzeak migratzaileen ahulguneak eta arriskuak handitzeko soilik balio du». Bacheletek gogorarazi du nazioarteko legediak asiloa eskatzeko eskubidea bermatzen duela, eta, beraz, inongo estatuk ezin dituela pertsona horiek guztiak beste gau batez aterperik gabe egotera derrigortu: «Estatuek babestu egin behar dituzte partekatzen duten mugan harrapatuta daudenen bizia eta duintasuna».

UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatari Filippo Grandik ere salatu zuen ezin zaiela hesiekin erantzun migrazioekin lotutako erronkei. Europako Parlamentuan hitz egin du Grandik Bielorrusiako mugako auziaz, eta nabarmendu du ez dagoela arrazoirik halako gertaerei errefuxiatuak jipoituz, harresiak eraikiz eta hitzaldi xenofoboak eginez erantzuteko. «Badaude beste bide batzuk, eta elkarlanetik abiatzen dira», esan du. Baina, aldi berean, ohartarazi du ez dagoela arrazoirik estatuek «desplazamenduan bultza» ditzaten.

Errusiako gerra hegazkinak Bielorrusiako aire eremuan

Ekialdetik ere heldu da erantzunik. Errusiak salatu egin du Bruselaren erantzuna, eta bi gerra hegazkin bidali ditu Bielorrusiako aire eremura, sostengu gisa. Hainbat hedabidek zabaldu dutenez, hegazkinok gai dira buru nuklearrak eramateko.

Moskuk Bruselari egotzi dio krisiaren erantzukizuna, esanez «huts» egin duela bere balio humanitarioak bermatzeko garaian, eta Bielorrusia «ito» nahi dutela, mugako zati bat itxiz. Hala, onartezintzat jo du Minski zigorrak jarri nahi izatea, eta Minskekiko zuzeneko elkarrizketak abiatzeko aholkatu du, krisia konpontze aldera.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)