Amnesty International eta SOS Arrazakeriak kritika egin dute

Berria, 11-07-2006

Rabaten agintariak egiten ari diren bileraren harira, kritika egin dute Amnesty International (AI) eta SOS Arrazakeria erakundeek. «Estatuen interes diplomatikoek ezin dute inoiz giza eskubideak babesten dituzten nazioarteko itunen gainetik egon», eman dute aditzera SOS Arrazakeriako kideek prentsa ohar batean. Rabaten elkartu diren agintariek, arazoari bere osotasunean heldu beharrean, soilik «mugak kontrolatzeko» eta etorkinak «itzultzeko eta kanporatzeko» neurriak hartuko dituztela gaitzetsi dute.

Amnesty Internationaleko (AI) kideen aburuz ere «irtenbiderik gabeko kalezuloan» sartuta daude Europako Batasunean indarrean dauden immigrazio politikak, eta urrats sendoak egin behar dira horiek aldatzeko. Prentsaren aurreko agerraldia egin zuten atzo horren berri emateko Madrilen eta Bruselan. «Europako Batasunak eta estatu kide guztiek ezin dute segi pentsatzen kontrol zorrotzagoekin etorkin kopurua murriztea lortuko dutenik; benetako konponbideak ematen dituzten immigrazio estrategiak proposatu behar dituzte, beti ere etorkinen eskubideak aintzakotzat hartuta eta errefuxiatuak babestu behar direla gogoan hartuz», eman zuen aditzera AIk Europako Batasunean duen ordezkari Dick Oostingek.

Uztailaren 3an Afrikatik Europara sartu nahi zuten hiru lagun Melillan hil zirela ere gogorarazi dute AIk eta SOS Arrazakeriak, eta heriotza horien nondik norakoak argitzeko eskatu dute. Horrelakoetan ikerketa taxuzkorik ez dela egiten salatu dute.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)