ANIZTASUNETIK ARRAZISMOARI ETA ERREBISIONISMOARI STOP
ERIC ZEMMOUR FRANTZIAR PRESIDENTETZARAKO BALIZKO HAUTAGAIA BIARRITZEN IZAN ZEN ATZO. BERE AZKEN LIBURUA AURKEZTEKO AITZAKIAREKIN EKITALDI POLITIKOA EGIN ZUEN IRATI ARETOAN. 1.500 LAGUNEK EMAN ZUTEN IZENA ZEMMOUR ENTZUTEKO. ANARTEAN, 300 MANIFESTARIK BERE GORROTO MEZUA EZ DELA PASAKO OZEN ALDARRIKATU ZUTEN.
Gara, , 27-10-2021Milaka telebista ordu metatu dituen polemista aurrez aurre ikusteko parada ez zuten galdu nahi bere liburuaren aurkezpen ekitaldian izateko izena eman zuten 1.500 herritarrek. Hitzordua 18.00etan zen, baina ordubete lehenagotik poliziaz josita zegoen Irati erakustazokaren kanpoaldea. Aparkalekuan soilik ez, aretoaren sarreran ere hesia ezarri zuen Poliziak.
Eric Zemmour “La France n’a pas dit son dernier mot” (Frantziak ez du bere azken hitza esan) bere liburu-manifestua aurkezteko biraren baitan Biarritzera helduko zela jakin zenetik, mobilizazio deialdiak pilatzen hasi ziren. Lehen deia sare antifaxistak egin zuen, ondotik Les Bascos LGBT+ elkarteak eta Euskal Herria Bai alderdiak ere deitu zituzten bilkurak gorroto mezuak zabaltzeagatik frantses Justiziak zigortu duen polemista ultraeskuindarra ez zela ongi etorria adierazteko.
Arrazakeriaren eta faxismoaren aurkako leloak eta beldurrak gibelaraziz eskubideak aitzinaraztearen aldekoak bata bestearen ondoan agerrarazi zituzten Irati aretoaren atarian bildu ziren 300 herritarrek. «Demokrazia» eta «elkartasuna» hitzak sarri entzunarazi zituzten, baita protesta iraun zuen bitartean manifestariak filmatzen zituen poliziaren jarrera «kolaborazionista» salatzeko hitz gordinak ere.
Publiko zabala
Emeki-emeki, Zemmourrekin hitzordua hartua zuen jendea ekitaldira bertaratu zen, batzuk tentuz beste batzuk ausarki urrats eginez. Adin guztietako herritarrak ziren. Ile urdindun bikote anitz, bistan da, baina baita guraso gazteak haurrekin ala neskez edo mutilez osaturiko gazte kuadrillatxoak ere. Batzuk bertokoak, inguruko lurraldeetatik heldutako espedizioko kideak beste batzuk. Ultraeskuin heterodoxoaren izar katodikoak publiko zabala erakartzen duela argiki geratu zen atzo Iratin ikusi zen desfilean.
Aretoaren barruan, anartean, migranteak Alpeetan jazartzen dituzten taldeetako kideen itxura bera duten Generation Z taldeko kideek «presidente, presidente» oihuka harrera beroa egin zioten aho bilorik gabe historiaren berrirakurketa polemikoa proposatzen duen hizlariari. Berdin kultur aniztasunaren apostasia egiteko berdin Bigarren Mundu Gerran naziekin kolaboratu zuen Petain mariskalak «frantziar juduak salbatzeko» jardun zuela esateko.
Fronte Nazionalarentzat mamu bilakatu den Zemmourrek bere aurretik Euskal Herrian hitza hartu duten bisitari «ultra» guztiek baliatu dituzten argudio berak erabili zituen. Hala, agur hitzak euskal nortasuna, tradizioak eta gastronomia goraipatzeko erabili zituen. Handik aurrera, ultraeskuinaren sare sozialetako jarraitzaile gisa jokatzeko prest ziren entzuleen aurrean atzo Biarritzen Zemmourrek bota zuen diskurtsoaren bilduma jaso nahi duenak beste iturri batzuetara jo dezala. Kronika honen xedea gorroto diskurtsoari oihartzuna kentzeko herritarrek eginiko ahaleginaren berri ematea baita.
(Puede haber caducado)