Legez kanpoko immigrazioaren kontrako ekintza plan bateratua nahi dute Europak eta Afrikak

Rabaten 54 estatutako ordezkariak elkartu dira, segurtasuna, garapena eta elkartasuna ahotan hartuta

Berria, 11-07-2006

arantxa iraola

Europa eta Afrikako 54 estatutako ordezkariak elkartu ziren atzo Marokoko hiriburuan, Rabaten, eta Immigrazioa eta Garapenari buruzko Konferentzia hasi zuten. Gaur arteko tartea dute legez kanpoko immigrazioari aurre egiten lagun dezakeen estrategia bateratua plazaratzeko; ekintza plan bat eta deklarazio politiko bat egin nahi dituzte publiko.

Ekintza planaren zirriborroa lehengo hilean diseinatu zuten Dakarren (Egipto). Gaur aldaketa handirik gabe onartzea espero dute. «Hiru dimentsio» dituela aurreratu dute. Diotenez, segurtasuna, garapena eta herrialdeen arteko elkartasuna bultzatzen ditu.

Konferentzian atzo hitza hartu zuten, besteak beste, Espainia eta Frantziako barne ministroek, Alfredo Perez Rubalcabak eta Nicolas Sarkozyk. Biek agerian utzi zuten legez kanpoko immigrazioa arazo handia dela, eta segurtasun faltarekin lotu zuten. «Legez kanpoko immigrazioaren kontra egitean delinkuentzia sareen kontra ari gara», eman zuen aditzera Rubalcabak. Etorkinen trafikoan sare «espezializatu eta oso garatuak» ari direla esan zuen, eta Afrikako herrialdeei laguntza eskatu zien horien kontra egiteko.

Nicolas Sarkozyk onartu zuen arazoa konpontzeko ezinbestekoa dela Afrikara dirulaguntzak eta elkartasun ekimenak bideratzea. «Afrikaren gaurko porrota Europaren biharko hondamendia litzateke», azaldu zuen. Bat etorri zen horrekin Perez Rubalcaba ministroa ere. «Gure betebeharra da jendeak bere herrialdeeta jarraitzeko gogoa izateko behar adinako baldintzak lortzea». Etorkinek legez kanpo Europarako bidea hartzen jarraitzen badute, ordea, bizi baldintza «duinak» eskaintzea oso zaila izango dela esan zuen.

DIRU LAGUNTZAK. Hitz ederrekin batera, zenbait konpromiso ere publiko egin zituzten atzo Europako agintariek Afrikako herrialdeak laguntze aldera. Espainiako Atzerri ministro Miguel Angel Moratinosek, esaterako, Afrikaren garapenerako 30 milioi euroko laguntza bideratuko dutela esan zuen atzo. 10 milioi dolar kreditu txikien bidez banatuko dituzte, Afrikako ekonomia sustatze aldera. Gainerakoa azpìegitura handietara bideratuko dute.

Europako Batasuneko Kanpo Harremanetarako komisario Benita Fererro-Waldnerrek, bere aldetik, Mauritaniako Gobernuari 2,45 milioi euro ematea erabaki dutela jakinarazi zuen atzo. Mauritaniatik etorkin ugari hurbildu da azkenaldian Kanariar Uharteetara, eta horri kontra egiteko baliabideak eman nahi dizkiete Mauritaniako agintariei. Immigrazioaren afera «ikuspegi global» batetatik landu behar dela gogorarazi zuen, eta horretarako urrats ezinbestekoak egiten ari direla egun hauetan Rabaten.

Konferentziaren harira gogora ekarri dute Europako agintariek immigrazio legez kanpokoaren presioa zenbatekoa den. Kanariar Uharteetara, este baterako, urte hasieratik, 11.000 etorkin baino gehiago iritsi dira. Asko dira, 2005 guztian sartu ziren etorkinen bikoitza hain justu. Aurten denera, uztailaren 5a bitartean, 11.155 etorkin sartu dira, eta iaz urte osoan 4.751 sartu ziren.

«Afrikaren gaurko porrota Europaren biharko hondamendia litzateke»

nicolas sarkozy

frantziako barne ministroa

«Legez kanpoko immigrazioaren kontra egitean delinkuentzia sareen kontra ere ari gara»

alfredo perez rubalcaba

espainiako barne ministroa

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)