Mendebaldeko Sahara
Bermeon bost urtez bizitako saharar bat hil du Marokok
Moji izenez oso ezaguna zen Bizkaiko herrian, eta haren anaia oraindik ere han bizi da. Brigadista lanetan zebilen, Marokoko Armadako hegazkin batetik eraso egin diotenean.
Berria, , 18-10-2021Denera bi brigadista hil ditu Marokoko Armadako hegazkin batek Mendebaldeko Saharan. Horietako bat 28 urteko Mohamed Jalil Bushab Moji zen. Oso ezaguna zen Bermeon (Bizkaia), herrian bost urtez bizi izan zelako, Mendebaldeko Saharako haurrei oporrak eskaintzeko egitasmoaren harira. Haren anaia bat oraindik ere Bermeon bizi da.
Erasoan, Bushabez gain, Rageb Laarusi Charki zauritu dute. Azken hori geroago hil da, zurien eraginez.
Moji Ezaguna egin zen Bermeon «oso alaia zelako eta jakin min handia zuelako», Xabier Ojinagak azaldu duenez. Ojinagaren sendiak hartu zuen herrian, eta Mohamed eta Ojinaga nahasketatik atera zen Moji ezizena. 8 eta 13 urte zituen artean bizi izan zen Euskal Herrian. Ojinagak azaldu duenez, erabakigarria izan zen haren izaera, oso ondo moldatu zelako herrian, eta, horren eraginez, Mendebaldeko Saharako haur gehiago heldu zirelako hurrengo urteetan. «Moji efektua», aipatu du.
Boluntario, ez militarra
Ustekabe handia eragin du albisteak Bermeon. Izan ere, Mojiren anaiak berak ere ez zekien hura frontean zebilenik, Ojinagak azaldu duenez. «Ez zen soldadu profesionala, boluntarioa baizik».
Hildakoak brigadista aztertzaileak ziren, eta Maroko eta Mendebaldeko Sahararen arteko hesiaren egoera behatzen ari ziren, eraso egin zietenean.
(Puede haber caducado)