Ezbeharra
Hiru migratzaile hil dira Ziburun trenak harrapatuta
Goizaldean gertatu da ezbeharra. Itxura denez, trenbidean lo zirela harrapatu ditu trenak. Hildakoez gainera, beste lagun bat larri zauritua dago. Errefuxiatuen harrera elkarteek elkarretaratzea eginen dute, bihar asteazkena, 18:30ean, Donibane Lohizuneko tren geltokian.
Berria, , 12-10-2021Goizeko seiak baino lehentxoago gertatu da istripua. Aldirietako trenak lau pertsona harrapatu ditu Ziburun (Lapurdi), trenbidean bertan. Haietako hiru hil dira, eta bestea larri zaurituta gelditu da kolpearen ondorioz; larrialdi zerbitzuek Baionako ospitalera eraman dute, baina arriskutik kanpo dago. Eneko Aldana Ziburuko auzapezak kontatu du ezbeharrean gertatutakoa, Euskal Irratiei emandako elkarrizketa batean. «Trenbide bazterrean lo zirela harrapatu ditu trenak».
Trenak harrapatutako laurak migratzaileak dira, Jerome Bourrier prokuradoreak BERRIAri baieztatu dionez. Halere, zehaztu du «behin-behineko identifikatzea» egin dutela; atzemandako nortasun paperen arabera, biktimak Aljeriakoak ziren. Prokuradoreak ikerketa bat zabaldu du, «heriotzaren arrazoiak» zuzen zein diren aztertzeko. Frantziako Auzi Poliziak eta Frantziako Aireko eta Mugetako Poliziak eramanen dute ikerketa.
«Ez dira Poliziarengatik geldituko»
Peio Dufau Ziburuko hautetsia da; ofizioz, tren gidaria. BERRIAri kontatu dio Hendaia (Lapurdi) eta Baiona arteko trenbideetan «maiz» ibiltzen direla migratzaileak. «Polizia gibeletik dute toki guztietan. Bidasoa ibaian bi ito ziren, horrek frogatzen du bide guziak hartzen dituztela mugatik eskapatzeko, Baionara iristeko. Geroz eta bide arriskutsuagoak hartzen dituzte, kontrolen ondorioz: trenbidea horietako bat da. Trenbideetako langileentzat ere zaila da», salatu du. «Sekulako arriskuak hartzen dituzte, sobera kontrol badelako. Zer aldatzen du oztopatzeak? Zer aldatzen du? Ez dira Poliziarengatik geldituko».
Goizean gertatutakoaz ere xehetasun gehiago eman du Dufauk. Lehen zantzuen arabera, lau pertsonak trenbidean etzanak ziren, «lo, seguruenik». «Tren gidariak ez ditu ikusi, eta frenatzen saiatu delarik berantegi zen. Lau pertsonak zutitzen entseatu dira, baina joak izan dira. 200 metro egin behar izan ditu gidariak trena gelditzen lortzeko. Berehala jaitsi da trenetik, kontrolatzaileekin batera, eta lehen artak eman dizkiote bizirik zenari».
Hendaiako, Donibane Lohizuneko eta Baionako tren gidarien CGT sindikatuak gertatutakoa salatu du. «Estigmatizazioak, arrazismoak, eta gorrotoak [Frantziako] espazio mediatikoa betetzen duten uneotan, drama honek gogora ekartzen digu, egunero, emakume batzuek, gizon batzuek, haur batzuek beren herrialdetik ihes egiten dutela gerragatik, baldintza klimatikoengatik, goseteengatik; eta bidean hiltzen direla». Ezbeharra bizi izan duten tren gidariei ere babesa helarazi die sindikatuak.
Migrazio politika jomugan
EH Bai koalizioak berehala salatu du gertatutakoa. «Azken hilabeteetan errepikakorra bilakatzen ari den albiste txar bat da. Hiru migrante hil dira jada —batek bere buruaz beste eginik eta beste biak Bidasoa zeharkatzen ari zirela— eta hiru heriotza berri hauekin, orotara, sei dira Euskal Herrian hil diren migranteak». Frantziako Estatuaren migrazio politika gaitzetsi du koalizioak. «Etorkinei harrera hobea egiteko, mugak kudeatzeko politikan jarrera hexagonala errotik aldatzea behartzen du. Badu bost urte orain Frantziako Estatuak mugetan kontrolak gogortzen dituela, Schengen eremua eta libreki ibiltzeko eskubidea urratuz». Euskal Herriak «harrera herria» izatea nahi dutela berretsi dute: «eta ez hilerria».
Bestalde, errefuxiatuen harrera elkarteek elkarretaratzea eginen dute, asteazkenean, 18:30ean, Donibane Lohizuneko (Lapurdi) tren geltokian, etorkinek Euskal Herrian pairatzen duten egoera salatzeko, eta migrazio bideetan hil diren pertsonak oroitzeko.
(Puede haber caducado)