Emakumeen sexu esplotazioko kasuak bideratzeko protokolo bat ezarriko dute Lakuak eta aldundiek
Emakumeen sexu esplotazioko kasuak bideratzeko protokolo bat ezarriko dute Lakuak eta aldundiek Lakuako Gobernuak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek koordinazioa indartuko dute Sexu Esplotaziorako Emakumeen eta Nesken Salerosketaren Aurkako Mahaiaren esparruan eta talde espezifiko bat sortuko dute kasuak bideratzeko protokolo bat ezartzeko
Gara, , 23-09-2021Sexu Esplotazioaren eta Pertsonen Salerosketaren Aurkako Nazioarteko Egunaren bezperan bildu dira EAEko erakundeak eta gizarte eragileak Lakuako Gobernuaren egoitzan, Sexu Esplotaziorako Emakumeen eta Nesken Salerosketaren Aurkako Mahaian.
Emakundek koordinatzen du mahaia eta Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko eta Segurtasun Saileko, Ertzaintzako, Fiskaltzako, espainiar Gobernuaren Ordezkaritzako, hiru aldundietako eta Caritas, CEAR Euskadi, Munduko Medikuak, Ihesaren aurkako Batzordea, Gurutze Gorria, Gizarterako, Askabide, Oblatas eta Accem gizarte erakundeetako ordezkariek osatzen dute.
Mahaiak erabaki du talde espezifiko bat sortzea Lakuaren eta hiru aldundien artean, besteak beste, kasuak bideratzeko protokolo bat ezartzeko. Nabarmendu dutenez, taldearen lana «funtsezkoa» izango da emakumeen eta nesken giza eskubideen urraketa horri erantzuteko beharrezkoa den koordinazioari begira.
Era berean, mahaiak berretsi egin du 2020an eta 2021ean organoa osatzen dutenek salerosketaren biktima diren emakumeak detektatzeko eta identifikatzeko adierazle komunak finkatzeko helburuarekin landutako barne dokumentua. Helburua da adierazle komun horiek sexu esplotaziorako salerosketaren biktima izan daitezkeen emakumeak hobeto identifikatzen laguntzea, eta horrela, haien errealitatea eta beharrak hobeto ezagutu ahal izatea.
Carmen Meneses irakasleak mahaiaren enkarguz egindako azken txostenean jasotzen denez, zaila da jakitea salerosketaren biktima diren emakumeen kopuru zehatza, hainbat arrazoirengatik, nahiz eta aipatutako ikerketaren arabera, prostituzio testuinguruetan dauden pertsonen %10 eta %15 artekoa izango litzateke.
Mahaiaren 2022rako jarduera planean salerosketa kasuekin kontakturen bat duten hainbat eremutako profesionalei zuzendutako prestakuntza proposamena ere badago, besteak beste, genero indarkeriaren eta atzerritartasunaren ofiziozko txandari dagokiona.
Halaber, ikerketa lanak, informazioa, prestakuntza eta sentsibilizazio lanak bateratuko dira, mahaia osatzen duten erakundeek egoera hobetzeko hainbat baliabide babesten jarraitzeko, bizitokiari buruzkoak, osasunari buruzkoak edo arlo horretan sentsibilizatzeko edo prebentzioa egiteko dirulaguntzei dagozkionak, besteak beste.
(Puede haber caducado)