Hizpideak
Iheslariak iheslarien beldur
Berria, , 02-09-2021Euren negozioetako erakusleihoak apurtu dizkiete, ateetan pintaketak egin, dendak arpilatu, autoak irauli; alde egiteko oihuak nonahi entzuten dituzte, bandera handiak jarrarazi dizkiete dendetako erakusleihoetan, eta, hori gutxi balitz bezala, umeek ere parte hartzen dute erasoetan, arrautzak botaz haien kontra. Turkian erregularizatzea lortu duten siriar errefuxiatu zortedunen kontakizunetik ateratakoak dira pasarte horiek, uda honetan pairatuak guztiak.
Siriako gerratik ihesi Turkian gelditu diren lau milioi iheslarien artetik, bizibidea ateratzea eta han lege barruan bizitzea lortu duten 200.000 siriarrek zortekotzat dauzkate euren buruak. Gainerakoen egoera, pentsatzekoa denez, are okerragoa baita. Baina etorkinari egozten zaizkio maiz herrialde baten ajeak, batez ere krisi garaian, eta, Turkiak Europarekin haren harresi funtzioa egitea hitzartu zuenetik, iheslari kopuruak gora egin du, eta, egoera ekonomiko eta politiko kaxkarra tarteko, errefuxiatuak bihurtu dira gaitz guztien pagaburu.
Turkiarrek ez ei dituzte nahi errefuxiatuak, eta haien kontrako erasoak areagotzen ari dira. Orain, Afganistango krisitik ihesi, baliteke beste olde bat iristea Turkiara. Duten oreka konplexua apurtuko den beldur dira siriarrak; eurek ere ez dute nahi errefuxiatu gehiago.
(Puede haber caducado)