Pandemiaren ondorioz %75 migrante gutxiago etorri da aurten EAEra

Aurten EAEn atzerrian jaiotako 4.777 pertsona erroldatu diren arren, immigrazio fluxua %75,8 txikitu da aurreko urtearekin alderatuta, pandemiak mugikortasunean murrizketak eragin dituelako. Gaur egun, EAEko biztanleen %11,1 eta Nafarroako %16,4 atzerrian jaioak dira. Azken urtean Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara etorritako pertsona gehienak Hego Amerikan jaioak dira (% 66,8); horietatik erdiak baino gehiago emakumeak dira (% 51,4).

Gara, , 31-08-2021

Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak argitaratutako azken txostenak jakitera eman du EAEko biztanleen %11,1 atzerriko herrialde batean jaiotakoak direla. Hau da, 2021eko urtarrilaren 1ean, atzerritar jatorriko 246.501 pertsona zeuden EAEn erroldatuta, aurreko urtean baino 4.777 pertsona gehiago. Hala ere, migratzaileen fluxua %75,8 gutxitu da iazko urtearekin alderatuz. Ikuspegi Behatokiak ondorioztatu du covid-19agatik mugikortasuna murriztu izanak eragin zuzena izan duela jaitsiera horretan.

Datuak herrialdeka aztertuz gero, Bizkaia da atzerrian jaiotako pertsona gehien bizi diren tokia; 121.737 daude erroldatuta. Gipuzkoan kopurua 81.354 pertsonakoa da eta Araban, aldiz, 43.410ekoa.
Hala ere, lurralde bakoitzeko biztanle kopurua kontuan hartzen bada eta datuak ehunekoetan aztertzen badira, datuak alderantzizkoak dira. Hau da, Arabako biztanleria osoaren %13 atzerrian jaiotakoa da, Gipuzkoako biztanleriaren %11,1 eta Bizkaikoaren %10,6.

Dena den, aurtengo urtarrilaren 1ean erroldatu ziren atzerrian jaiotako pertsonen %26,3k espainiar Estatuko nazionalitatea aitortuta zuen jada.

Espainiar Estatuko gainerako erkidegoekin alderatuz gero, EAE Espainiar estatuko batez besteko langaren azpitik kokatuko litzateke. Nafarroa, ostera, gainetik, %16,4 izanik. Izan ere, espainiar Estatuko biztanleria osoaren %15,4 osatzen dute atzerrian jaiotako pertsonek.

Jatorria aztergai

Jatorrizko herrialdeei dagokienez, atzerrian jaiotako arabar, bizkaitar eta gipuzkoarren erdiak baino gehiagok jatorri hegoamerikarra du, %51,7k. Horien jatorri-eremu nagusiak Europar Batasuna (%14,8) eta Magreb (%14,2) dira. Azkena, Saharaz hegoaldeko Afrika (%7,1).

Ikuspegik jatorri atzerritarra duten erroldatuen gehiengoa latinoamerikarra izatea zaintza lanak egiteko langileen eskaerarekin lotu du: «Diferentzia horien zergatia euskal gizartean bilatu behar dugu; izan ere, eskatzen dituen profilak, neurri handi batean, etxe-zerbitzuarekin eta zaintza lanarekin dute lotura».

Zaintza lanek lotura zuzena dute emakumeekin. Izan ere, datuen arabera, EAEn erroldatu diren jatorri hegoamerikarrekoen %61,2 emakumezkoak dira. Datu hau esanguratsua da; izan ere, beste lurraldeetatik datozen emakume eta gizonezkoen kopurua parekatua da, %50eko langatik hurbil dagoena.

Hala ere, aurten EAEn erroldatu diren magrebtarren eta Saharaz hegoaldeko afrikarren kasuan, gizonezkoak dira nagusi; erroldatuen %62,4 eta %64,7, hurrenez hurren.

Herrialdeka, EAEn erroldatu diren atzerritar gehienak Kolonbian, Marokon eta Nikaraguan jaiotako pertsonak dira. Errumanian eta Bolivian jaiotakoek, aldiz, behera egin dute.

Aldaketak

Urteak igaro ahala, ordea, jatorrizko herrialdeen ehunekoak aldatuz joan dira. Hego Amerika izan da eremu nagusia; %45etik gora mantendu da sistematikoki, eta, gainera, hazten joan da. Aurten ehuneko altuenera iritsi da; % 51,7.

Atzerrian jaiotako 26.334 pertsona zeuden erroldatuta EAEn 1998. urtean, eta bi hamarkadan 220.000 pertsonatik gora ziren. Horri esker, EAEko populazioak gorakada izan du 1998tik hona; 113.933 biztanle gehiago daude, migrazio-fluxuen eragina ezagutzea, aztertzea eta baloratzea helburu nagusi duen Ikuspegi behatokiak ezagutarazitako datuen arabera.
JATORRI-EREMUA

Herrialdeen arabera aztertuta, azken urtean Kolonbia da gehien hazi den jatorri-eremua; jarraian, Maroko eta Nikaragua. Beste muturrean, saldo negatiboa dute Errumaniak eta, neurri txikiagoan, Boliviak.
%11,1 ETA %16,4

Espainiar Estatuko gainerako erkidegoekin alderatuz gero, EAE espainiar Estatuko batez bestekoaren langaren azpitik kokatuko litzateke, %11,1ean. Nafarroa, ostera, gainetik, %16,4 izanik.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)