Gurpil aulkiko saskibaloia

Nilofar Bayatek baietz esan dio Bidaideaken gonbidapenari

Afganistango gurpil aulkiko saskibaloi selekzioaren kapitaina bart iritsi da Bilbora bere senarrarekin batera.

Berria, Paulo Ostolaza, 22-08-2021

Bart iritsi da Bilbora Nilofar Bayat gurpil aulkiko saskibaloi jokalaria. Joan den asteazkenean, Bidaideak Bilbo taldeak publiko egin zuen Afganistango selekzioko kapitainari eurekin jokatzeko egin ziote gonbita, eta gaur onartu du jokalariak. Taldeak berak esan duen moduan, ziurrenik saskibaloia ez da uneotan Bayaten lehentasuna, «baina jakin dezala Bilbon izango duela bere etxea eta Txurdinagan bere kantxa».

Esan bezala, Bidaideakek asteazkenean erakutsi zuen Bayat bere taldera gehitzeko asmoa. Klubeko presidenteak hala jakinarazi zion nazioarteko gurpil aulkiko saskibaloi federazioko presidenteari, eta baita Espainiako federaziokoari ere.

Aurretik, Bayatek nazioarteko dei bat egin zuen laguntza bila, eta, une hartan, Kabuleko aireportura heldu nahian zebilen Madrilera eraman duen hegazkina hartzeko. Ostiralean hartu zuen beste 108 errefuxiaturekin batera, eta bart iritsi da Bilbora, bere senarra den Ramish Bayatekin batera. Hura ere Afganistango selekzioko jokalaria da.

Bidaideakek ongi etorria eman die gaur biei: «Gure izenak dioen moduan, bidaideak gara, eta behar duzuenean lagunduko dizuegu. Gure etxeko ateak parez pare irekita dituzue».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)