Hizpideak

Migratzaileak bai, baina etxetik kanpo

Berria, Amagoia Mujika Tolaretxipi, 18-08-2021

Europako Batasuneko atzerri ministroen premiazko bilera egin dute, ihesi doazen milaka afganiarren egoerari buruz hitz egiteko. Afganistango mugetan eta Kabul inguruan pilatu dira herrialdetik ahalik eta azkarrena alde egiteko. Mendebaldeko herriak ateratzen ari dira enbaxadetako langileak eta haientzat lan egin duen jendea, baina irtenbide gutxi dauzka noraezean dabilen afganiarrak.

Bruselaren lehentasuna da inguruko herrialdeei dirua ematea Afganistandik alde egiten duen jende oldeari laguntzeko, ez daitezen Europara iritsi. Adierazpen bat ere sinatu dute europarrek eta beste hainbat herrik —AEBak, tartean— esanez afganiarrek eskubide osoa dutela herrialdea uzteko, hala nahi badute, eta onartu egin behar dituztela iristen diren herrietan. Baina ez daitezela oso urrutira iritsi.

Alemaniak 2015ean gertatutakoa du gogoan. Milaka eta milaka errefuxiatu hartu zituen, hainbat herrik mugak itxi zituztenean, eta garesti atera zitzaion Angela Merkeli. Orain, bera ordezkatzeko hauteskundeen atarian ez dute krisirik nahi, nahiz eta giza krisi sakon eta latz bat duten begien aurrean. Talibanak oso gaiztoak dira, eta adierazpenek ez dute ezertarako balio, baina hipokrisia beharrezkoa da gobernatzen jarraitzeko.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)