Bidasoan hildako gazte ginearraren gorpua aberriratu nahi du familiak

Abdulaye Koulibaly joan den igandean hil zen, Bidasoa ibaian itota. Diru bilketa bat abiatu dute familiak gorpua aberriratu ahal izan dezan

Berria, Iñaki Agirre Perez / Mikel P. Ansa, 13-08-2021

Abdulaye Koulibaly zuen izena, eta, oraindik bere adinari buruzko informazio ofizialik ez den arren, 18 urte zituela zabaldu dute hedabideek. Hiru urte behar izan zituen Gineatik Euskal Herrirainoko bidea egiteko, baina ez zuen hemen bukatu behar. Frantziara joan nahi zuen, han bizi den osaba batengana, baina Frantziako Poliziak migratzaileei jarri dien muga hertsiak uretara bultzatu zuen, Irundik Biriatura pasatu nahian, eta han bukatu zen Koulibalyren bidea: Bidasoa ibaian itota. Aurten era horretan hil den bigarren migratzailea da: maiatzaren 22an, Yaya Karamoko Boli Kostako gaztea hil zen ibai berean, itota.

Abuztuaren 8ko goizeko bederatziak aldera atera zuten gorpua uretatik, eta, autopsia eginda, haren osabak gorpua identifikatu behar du orain. Senideek jakinarazi dute Ginean lurperatu nahiko luketela, baina ez dutela dirurik eta baliabiderik gorpua aberriratzeko, eta laguntza eskatu dute. Webgune baten bidez ari dira dirua biltzen, eta migratzaileei laguntzeko Gipuzkoako eta Lapurdiko sareak ere ari dira laguntzen diru bilketa horretan.

Vocento taldeko kazetariak harremanetan jarri dira Koulibalyren familiarekin. Momo Koulibaly gaztearen aitak azaldu die semea oso gaztea zela etxetik abiatu zenean, duela hiru urte; Frantzian lan bat topatu nahi zuen, familiari laguntzeko. Hiru urte horietan, apenas izan zuten semearen berririk. Ezagun da, ordea, joan den maiatzaren 23an Kanaria uharteetara iritsi zela migratzaile gaztea. Handik Kataluniara bidali zuten, uztailaren 29an, zaurgarritasun egoeran zegoela adierazten zuen agiri batekin. Gurutze Gorriaren esku egon zen Granollersen. Abuztuaren 5ean atera zen handik, Irunera iristeko asmoz.

Irungo Harrera Sareko kideek haiengana jotzen duten migratzaile guztiei ohartarazten diete ez dela segurua Bidasoa ibaia igerian pasatzen saiatzea. Koulibalyk ez zekien igerian, baina, Irunen hiru egun egin zituenez eta Frantziara iristeko modurik ikusten ez zuenez, ibaira jotzea erabaki zuen azkenean, adiskide batekin batera. Urpean geratu zen aurki, biak eskutik helduta bazihoazen ere. Han ingurutik pasatu ziren beste hiru herritar saiatu ziren gaztea uretatik ateratzen, baina ur-lasterrak eraman zituen, eta ezin izan zuten salbatu.

Harrera Sareko kideek uste dute ezbeharraren erantzukizuna mugara datozen migratzaileen egoera «desesperazioraino» daramaten erakundeena dela. Batetik, gogorarazi dute Frantziak mugako bide seguruak «kontrol arrazistekin» itxita mantentzeak bide alternatibo arriskutsuak hartzera bultzatzen dituela migratzaileak. Bestetik, nabarmendu dute Irungo harrera baliabideetara sartzeko ezartzen diren baldintzek «ia egunero» jendea kalean uzten dutela, eta azpimarratu kasu guztietan ere hirugarren egunetik aurrera migratzaileak aterpea uztera behartzen dituztela. Harrera Sareak jakinarazi du aldagai horiek batuta migratzaileek mugan aurkitzen duten egoerak oraindik ere ibaia gurutzatzera bultzatzen dituela: «Gertatutakoa edozein unetan gerta daiteke berriz».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)