Luis Enrique Soriano oroitu eta bere heriotza salatu dute Azpeitian
Azpeitiko plazan 200 bat lagun elkartu ziren atzo, Elkar-ekin herri platafomaren deialdiari erantzunez, Luis Enrique Soriano hildako langilearen ingurukoei elkartasuna adierazteko eta heriotza eragin duten presioak salatzeko. Horrekin batera, ez dela kasu bakana aldarrikatu zuten, eta nabarmendu zuten esplotazio egoerak «orokortuta» daudela hainbat sektoretan, eta «guztia egiturazko arazo baten ondorio» dela.
Gara, , 11-08-2021Elkar-ekin herri plataformak elkarretaratzera deitu zuen atzo, 18.30ean, Azpeitiko enpresa bateko langile gazte migrante baten heriotza salatzeko; «azken hiru urteetan pairatu duen lan jazarpen egoera» gogor gaitzetsi zuten mobilizazioan. Azpeitiko Udalak eta eragile politiko, sozial eta sindikalek bat egin zuten deialdiarekin.
Duela bi aste, Luis Enrique Soriano Azpeitian bizi zen gazte migranteak bere buruaz beste egin zuen, lan egiten zuen enpresan. Dominikarra zen sortzez eta duela hiru urte iritsi zen Gipuzkoako herrira. Lan egiten zuen enpresan presio handia zuela azaldu zuen Elkar-ekinek.
Plataformako Eneko Ibargurenek atzo Naiz Irratian azpimarratu zuen gaztearen familiak jo zuela eurengana. «Gurasoekin eta hurbileko pertsona batekin elkartu ginen eta zur eta lur gelditu ginen bi orduz eman ziguten testigantzarekin», azaldu zuen Ibargurenek.
Familiak kontatu zien gazteak egunero 12 orduz egiten zuela lan, astelehenetik larunbatera, ardura handiak zituela lantokian eta covid-19az kutsatuta ere lanera joanarazi zuela nagusiak. «Testigantza entzunda zantzu argiak ikusi ditugu Luis Enriqueren erabakia azken hiru urteetan lanean jasandako jazarpen egoera guztiekin lotzeko», nabarmendu zuen.
Prekaritatea nahiz lan jazarpen eta esplotazioa zabalduta daudela adierazi zuen Ibargurenek, baina egoera hauetan «arrazakeriaren» faktorea argi eta garbi agertzen dela. «Prekaritate eta esplotazio egoerak areagotu egiten dira migratzaileen kasuetan», zehaztu zuen.
Familiaren jarrera txalotu zuen Ibargurenek: «Familia, alde batetik, lur jota dago; 20 urteko seme bat galdu du, triste eta oso ikututa dago, baina oso argi dauka zeren ondorio izan den heriotza eta ikusi dugu duintasunez eusten diola, egoera publikoki salatu nahi izan du, semeari zer gertatu zaion gizarteratu nahi izan du, jarrera txalogarria».
(Puede haber caducado)