«X» KEINUAREKIN ZAPALDUEN AHOTS BILAKATU DA SAUNDERS
Raven Saunders pisu jaurtitzaileak, zilarrezko domina kolkoan zuela, «X» bat irudikatu zuen besoak gurutzatuta. Azaldu zuen zapalduak diren pertsona guztiak elkartzen direla bidegurutze horretan. Depresio eta antsietatea gainditu ondotik irabazi du domina.
Gara, , 03-08-2021Zilarrezko domina irabazi eta aurpegi aski serioz besoekin X bat marraztu zuen Raven Saunders pisu jaurtitzaileak. Haserrea nabaria zuen aurpegian. «Zapalduak diren pertsona guztiak elkartzen diren bidegurutzea da ‘X’-a», azaldu zuen ondoren eginiko adierazpenetan.
«Munduan barrena borrokan ari diren eta beren borroka azaltzeko bozgorailurik ez duten horiek» gogora ekartzeko helburuz egin zuen keinua.
«Komunitate askoren parte» da Saunders. Beltza da, homosexuala eta depresioaz irmoki hitz egin izan du. Gogor borrokatu behar izan du depresioaren aurka, «ni neu izateko, horregatik barkamenik ez eskatzeko».
Rion egin zuen debut olinpikoa eta handik bi urtera bere buruaz beste egitea pentsatu zuen, arazo mental baten ondotik.
Depresioa, antsietatea eta estres postraumatikoa gainditu ostean, atleta estatubatuarrak podiumaren bozgorailua erabili nahi izan du osasun mentalaren aldeko aldarrikapenak egiteko, hala nola zapalduak diren horiei ere bere babesa eskaintzeko.
Beraren esanetan, kirolari esker lortu du 25 urteko gazte honek bizian aurrera egitea: «Beltza, gaztea eta homosexuala nintzen. Estigma asko daude horren inguruan eta irtenbiderik aurkituko ez nuela pentsatzera iritsi nintzen. Atletismoak entretenitu egiten zidan, oharkabetu, baina arazoek bere horretan jarraitzen zuten. Gidatzen nengoen une batean burutik pasatu zitzaidan eta uste dut nire buruaz beste egiteko 15 minutura egon nintzela».
Keinua zigortzea aztertzen
«Domina hau irabaztea LGTBIQ+ kolektiboarentzat inspirazio iturri baldin bada, hala nola osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonentzat edo beltzen komunitatearentzat, niretzako gorena da», azaldu zuen Saundersek. “Hulk” ezizenarekin ere ezagutzen duten kirolariak Marvel sagako musukoa erabiltzeagatik ere arreta bereganatu du Tokion, baina behin lehiatu ostean, bere hitzak eta podiumeko ikurra izan dira benetan inspirazio iturria.
Nolanahi ere, Nazioarteko Olinpiar Batzordeak (NOB) zigortu egin dezake Saundersek eginiko keinua. Adierazpenen gaineko neurriak samurtu egin zituzten Tokiorako, prentsaurrekoetan baimenduta baitago edonolako adierazpenak islatzea. Podiumean, ordea, adierazpen politikoak zigortuak izan daitezke. Nolanahi ere, argi-argi ez dago ezer.
«Gertatutakoa erabat ulertu behar dugu, eta hortik aurrera, erabaki bat hartu. AEBetako Batzorde Olinpikoarekin eta World Athleticsekin harremanetan gaude, eta orain aztertzen ari gara zer pauso emango ditugun hurrena», adierazi zuen atzo Mark Adams NOBko bozeramaileak.
Saundersi, alabaina, bost axola dio horrek: «Egunaren bukaeran, garrantzitsuena da nire jende beltz guztiaren alde oihu egitea, LGTBIQ+ kolektiboaren, osasun mentalaz arduratzen den jende guztiaren alde. Hori gu eta botere faktikoak baino handiagoa da. Miresten gaituzten hainbeste pertsona daude eta horiek bilatzen dute ea zer esaten dugun edo ea beraiez mintzatuko garen».
Sare sozialak ere erabili zituen bere aldarrikapenak islatzeko eta, zigorraren zurrumurruaren harira, honakoa adierazi zuen, umorea ere baliatuz: «Ausartu daitezela domina kentzen. Mugak gaindituko ditut, nahiz eta igeri egiten ez dakidan».
Hitz indartsuekin inspiratu ditu belaunaldi berriak zein zapalduak dauden kolektibo anitz. Domina anekdota bat bilakatu du, eta mezu hauekin Tokioko irabazle handienetariko bat izan da.
(Puede haber caducado)