«Haur eta nerabe migratzaileek dituzten beharrak ezagutzea funtsezkoa da»
Haurren eskubideen aldeko borrokan diharduten erakundeek gogoratu dute «irtenbide integrala» behar dutela Ceutara maiatzean iritsi eta bertan jarraitzen duten ehunka adin txikiko migratzailek
Diario Vasco, , 01-08-2021Bi hilabete baino gehiago igaro dira Marokotik Ceutara milaka pertsona iritsi zirenetik, haietako asko haur eta nerabeak. Unicef-ek duela egun batzuk zabaldu duen txosten baten arabera, heldu ziren 8.000 inguru migratzaile haietatik 1.500 bakarrik zeuden adin txikikoak ziren. Aurreneko egunetako irudi ikusgarriek eragin zuten zalaparta isildu da, eta hedabideen eta herritarren arreta ere galdu dute neurri handi batean, baina haur eta gazte haietako askok han jarraitzen dute, jomuga eta etorkizun argirik gabe.
Gehienak hiri autonomoko harrera zerbitzuek artatu zituzten iritsi eta berehala. Asko etxera itzuli dira, edo alde egin dute behintzat Ceutatik, baina gaur egun 820 inguru adin txikiko daude hiriko harrera-dispositibo desberdinetan, nahiz eta, Unicef-en txostenak zein Adin Txikikoen Fiskaltzak egindakoak nabarmentzen duten moduan, kopurua oso aldakorra izan, sartu-irten asko dagoelako, ihesaldi saioengatik batik bat. 820 horietatik, 16 urtetik beherakoak dira 600, bereziki gazteak, eta 80 neska baino ez daude. Nola edo hala atendituta dauden horiez gain, asko kalean bizi dira, euren kabuz. 300 egon daitezke egoera horretan, 500 beste iturri batzuen arabera.
Edonola ere, kontuan izanik egoera normalean Ceutako babes sistemak 240 inguru adin txikikoren ardura izaten duela, erabat gaindituta dago. Une honetan, Unifec eta Save the Children España erakundeetako kidez osatutako talde bat Ceutako Haurren eta Nerabeen Zuzendaritza Nagusiarekin elkarlanean ari da. Batak zein besteak, behin-behineko beharrak bideratzen laguntzeaz gain, nabarmendu dute «irtenbide integrala» behar duela arazoak, Estatuko erkidego guztiak ez ezik Europako Batasuna ere inplikatuko duena.
Estrategia adostu
«Lurralde-erantzunkidetasuna beharrezkoa da, inoiz baino gehiago, haurrak harrera-baliabideetara baldintza egokietan eta profesional espezializatuekin bideratzea arintzeko. Irailean, haurtzaro bakarra babesteko Estrategia adostu bat izan beharko genuke», adierazi du Andres Conde Save the Children erakundeko zuzendari nagusiak. «Haur horien inklusioa benetakoa izan dadin, beharrezkoa da Atzerritartasun Erregelamenduaren erreformari ekitea», gaineratu du.
Save the Childrenek. alegia, eskatu du baldintza egokiak bermatu behar direla «haurrek bakarrik migratzeko eskubidea izan dezaten» eta «deribazio mekanismo egonkorrak, kontingentzia planak eta mugako lurraldeei babesa emateko egindako proposamenak» ontzat eman baditu ere, «Ceutako babes sistema baliabide ekonomikoekin eta giza baliabideekin indartzeko beharra azpimarratu du, haur bakartien eskubideak bermatzeko eta beste autonomia erkidego batzuetara egin beharreko lekualdaketak arintzeko».
Aldi baterako harrera-guneetan dauden «218 haur eta 85 neskato» babestu ditu dagoeneko Save the Childrenen, «banakako azterketa eginez eta kalteberatasun-egoerak identifikatuz». Egindako 303 elkarrizketen azterketan, Save the Childrenek ohartarazi du haur migratzaileen laurden batek, gutxi gorabehera, indarkeria fisikoa, abusuak edo tratu txarrak jasan dituela jatorrizko herrialdean, eta elkarrizketatutako sei adingabetik batek tortura edo tratu iraingarria jasan duela Espainiara iritsi aurretik.
«Ceutan dauden haur eta nerabe migratzaileek dituzten beharrak ezagutzea funtsezkoa da haien eskubideak betetzen direla bermatzeko eta haien babes-beharrak baloratzeko», azpimarratu du Condek. Save the Children erakundeko zuzendari nagusiak adierazi du konponbide azkarrak behar direla, larrialdietako baliabideetan hilabeteak egon ez daitezen.
Mundu osoan haurren eskubideen aldeko borrokan diharduen erakunde independentea da Save the Children. Espainiari dagokienez, beste lurralde batzuetan ere, hala nola Andaluzian, Katalunian, Kanaria Handian edo Melillako hiri autonomoan, Save the Childrenek beste erakunde eta administrazio publiko batzuekin koordinatuta lan egiten du, haur migratzaile ahulenei arreta emanez. Aurten 2.000 haur eta nerabe migratzaile ingururi eman die laguntza (Andaluzia, 243; Katalunia, 100; Kanariak, 744; Ceuta, 290; Melilla, 400), Haurtzaroa Mugimenduan programaren bidez.
(Puede haber caducado)