Emakume baten aurkako eraso arrazista salatu dute Menagaraiko jaietan

Berria, 06-07-2006

estitxu ugarte

Gasteiz

«Urdanga, beltz zikin hori, ilegala, joan zaitez Afrika putara! Txiroa, gosez hiltzen ari zara…». Irain horiek eta kolpeak eta ostikoak jasan zituen Menagaraiko (Araba) 20 urteko emakume batek iragan igandean, haren amak eta SOS Arrazakeria elkarteak salatu dutenez.

Gertaturiko erasoa epaitegian salatu dutela azaldu zuen atzo SOS Arrazakeria elkarteko arduradun Fede Garciak. Ostiralean bertan Amurrioko epaitegian auziari buruzko bista publikoa eginen dela adierazi zuen.

Brenda Castrillok, erasoa jasan duen neskatoaren amak, idazki batean salatu du iragan igande goizean seiak eta erdiak aldera Menagarai herriko jaietan gertaturikoa: haren alaba musikariengana joan zen, eta jotzen jarraitzeko eskatu zien, aldez aurretik jai batzordearekin hitzartutakoa baino denbora gutxiago eman baitzuten taula gainean.

Eskaera horri erantzunez, betiere amaren idazkiaren arabera, musika emanaldiaren prezioa jaitsiko ziola erantzun zion gizon batek alabari, «xurgaldia egiten baldin badidazu». Ondoren, irain arrazistak eta sexistak egiteaz gainera, erasotzaileak ostikoak eman zizkion emakumeari sabelean, iletik indarrez tira egin zion, eta hainbat kolpe eman zizkion buruan eta aurpegian.

EMAKUMEAK, BELTZAK ETA TXIROAK. Brenda Castrilloren irudiko, Menagaraiko jaietan gertatutakoa emakumezkoen kontrako indarkeria eta eraso arrazista izan zen. «Nire eta alabaren kontrako irainak izan ziren, emakumeak, txiroak eta atzerritarrak izateagatik egin zituzten. Emakumea, beltza eta pobrea izatea delitua izango balitz bezala».

Ordea, erasoa salatu duen amak azaldu duenez, delitua emakumezkoen kontrako indarkeria da, eta arrazakeria «pentsamolde atzerakoiak dituzten pertsonen ezaugarria».

Idatzitako oharrean, Castrillok eskaera egin dio gizarteari halako erasoei aurre egiteko, eta diferentziak errespetatzeko.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)