Berdintasunaz, eskubideez eta beste gezur batzuez Leihatila

Berria, 05-07-2006

Leihatila

Cristina Berlanga

Itxura denez, bere ekintza guztietara zabaldu nahi du Espainiako Gobernuak jarrera berria, eta immigrazioa da horretarako esparru egokiena. Gainerako arlo guztietan bezala, baina, erretolika baino ez da jarrera hori, eta ez du benetako aldaketa politikorik ekarriko.

Iragan hilaren amaieran, hain zuzen, Lan eta Gizarte Gaietarako ministroak Hiritartasun eta Gizarteratze Plan Estrategikoaren zirriborroa aurkeztu zuen Ministro Kontseiluan, immigrazio arloan garatu beharreko politika publikoak biltzen dituena.

Horren printzipio, helburu eta neurriak ikusita, garbia da diskurtso aldaketa aurrekoen aldean, eta ikuspegi aurrerakoiagoa eman dio integrazio kontzeptuari, gizarte osoari dagokion prozesu gisa hartuta. Testuaren zati garrantzitsuenean dio planaren eta ekintza guztien oinarri diren printzipioak berdintasuna, bazterketarik eza eta herritartasuna direla. Eta helburuak, berriz, etorkinei eskubide zibil, sozial ekonomiko, kultural eta politikoak aitortzea. Testuaren zati horretara heltzerako, erabatekoa da harridura. Edo Atzerritartasun Legea indargabetu dute eta ez gara konturatu, edo adar jotze ikaragarria da guztia. Zer – nolako eskubide berdintasun eta zer – nolako parte – hartze erabatekoa, legeak etorkinei oinarrizko eskubideak ukatzen badizkie? Gainera, alderdi sozialistak berak hitzartu zuen lege hori alderdi popularrarekin, bere planean helburu eder horiek dituenak, eta, itxura denez, ez du hori aldatzeko inolako asmorik. Europa hegoaldeko muga militarizatu duen alderdi horrek berak; tiroka bada ere, Ceutako eta Melillako hesiak zeharka ez ditzaten saiatzen denak. Etorkizun iluna duten ehunka etorkin zentroetan pilatzen dituenak. Milaka eta milaka lagun bere legeek sortutako legez kontrakotasunean dituena eta, beraz, baztertuta, lan munduan esplota ditzaten aukera emanez. Immigrazioa gizarteak arriskutsutzat hartzeraino politizatzen jarraitzen duena.

Atzerritartasun lege horiek indargabetzen ez diren bitartean, asmo oneko ekintza baino ez da kasurik onenean eskubide berdintasuna eta herritartasuna aldarrikatzea, hipokrita ia beti. Immigrazioaren inguruko lehen euskal plana ere herritar kontzeptuan oinarrituta dago; kontzeptu hutsala da edukiari dagokionez; izan ere, ez dugu gaitasunik euskal herritarrak nortzuk diren zehazteko, eta Espainiako Atzerritartasun Legearen mende gaude Hego Euskal Herrian, Espainiako herritar ez direnei eskubideak ukatzen dizkienarena. Bigarren plana egiten ari dira orain, eta une egokia izan daiteke lege arrazista hori baztertzeko eta, lurraldearen zati batean, bederen, jatorria dena dela ere, eskubide berdintasunean oinarritutako politika propioa egiteko euskarriak ezartzeko.

 

Edo Atzerritartasun Legea indargabetu dute eta ez gara konturatu, edo adar jotze ikaragarria da guztia. Zer – nolako eskubide berdintasuna, legeak etorkinei oinarrizko eskubideak ukatzen badizkie?

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)