22 urte eta erdiko zigorra ezarri diote Floyd ito zuen polizia agenteari
Fiskalak 30 urteko kartzelaldia eskatzen zuen Derek Chauvin polizia agente ohiarentzat, faktore larrigarriak argudiatuta. Epaimahaiak uko egin dio epaiketa errepikatzeko defentsak egindako eskaerari
Berria, , 26-06-2021Epaimahaiak haren kontrako kargu guztietan errudun joa zuen Derek Chauvin, George Floyd afro-amerikarra hiltzeaz akusaturiko AEB Ameriketako Estatu Batuetako polizia ohia, eta zigorraren zenbatekoa soilik falta zen jakiteko. Atzo iluntzean eman zuen epaia Peter Cahill Hennepin konderriko epaileak: 22 urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten.
Bigarren graduko erailketa, hirugarren gradukoa eta nahi gabeko hilketa leporatu zizkioten Chauvini, eta hiruretan errudun jo zuten, apirilean. Hala ere, zigor gogorrena soilik bete beharko du, bigarren graduko erailketari dagokiona. Legeak delitu horrengatik baimentzen duen gehienezko zigorra 40 urtekoa da, baina Minnesota estatuko legedian gehienez ere 30 urtekoa izan daiteke. Hori zen, hain zuzen, fiskaltzak Chauvinentzat eskatu zuena. Aurrekaririk ez duten eta bigarren graduko erailketagatik zigortuak direnei ez zaie 12,5 urteko zigorra baino handiagorik jartzen Minnesotan, baina, kasu honetan, zigorra gogortzeko arrazoiak ikusi zituen fiskaltzak, bost faktore larrigarrirengatik: Chauvinek bere autoritate eta konfiantza posizioaz abusatu zuela, Floydekin bereziki bortitz aritu zela, adingabeak gertakariaren momentuan bertan zeudela eta Chauvinek krimena gutxienez beste hiru lagunen parte hartze aktiboaren laguntzarekin egin zuela. Argudiaketa horrekin bat egin zuen Cahillek, baina fiskaltzak eskatutakoa baino txikiagoa izan zen haren zigorra. 22 urte eta erdikoa den arren, 15 urteren buruan baldintzapean aske gera daiteke, bere jokabidearen arabera.
Epaia eman aurretik, hitza hartu zuten aldeek, eta bere hitzartzea Floyd sendiari «doluminak» emateko baliatu zuen Chauvinek. «Etorkizunean interesekoa izango den informazio gehiago edukiko dugu, eta espero dut horrek baretasun apur bat emango dizuela», erantsi zuen.
Aurrez, Floyden senideek epaimahaiari eskatu zioten legeak baimendutako zigor gogorrena jartzeko Chauvini. Hunkituta hitz egin zuten guztiek, baina, bereziki, Terrence Floyd anaiak. Polizia ohiari ere zuzendu zitzaion, azalpen eske: «Jakin nahi nuke zergatik egin zenuen. Zer ari zinen pentsatzen belauna nire anaiaren lepoan zenuenean?».
Abokatuek eta fiskalak ere egin zizkioten euren eskariak epaimahaiari. Eric Nelson defentsa abokatuak Chauvinek polizia gisa egindako ibilbidea laudatu zuen, eta nabarmendu zuen ez zuela aurrekaririk. Haren kasua alderatu zuen aurrez delituak eginak ziren eta Chauvinen kontrako akusazio berberak zituzten zenbaitek jasotako zigorrekin, aditzera emanez polizia ohiarentzat espero zena baino zigor txikiagoa jaso zutela. Horrez gain, auziak AEBetan nahiz mundu mailan izandako oihartzunaz aritu zen, eta epaimahaiari eskatu zion horretatik aparte mantentzeko: «Auzi publikoa eta mediatikoa bihurtu da hau, baina legea ezin du iritzi publikoak baldintzatu».
Fiskalak ohartarazia zion, ordurako, hark eskatutakoa ez zela beteko. «Aukera errealetatik oso kanpo dago. Hau hilketa bat da», adierazi zuen.
Ordu gutxi lehenago, beste ezezko bat jaso zuen Nelsonek. Kasu horretan, epaimahaiak atzera bota zuen epaiketa errepikatzeko defentsak aurkeztua zuen mozioa. Nelsonek esana zuen Chauvinen kontrako epaiketa ez zela «justua» izan, eta «fiskalaren eta epaimahaiaren jokabide okerra», «eskubide urraketa» eta «legearen kontrako epaia» salatu zituen. Cahillek, bere erantzunean, zehaztu zuen defentsak ezin izan zuela frogatu Chauvini «epaiketa justu bat izateko eskubide konstituzionala urratu zitzaionik».
Defentsa, oihartzunaz kexu
Floyden kasuak AEBetako Polizian errotutako arrazakeriazko jokamoldeak agerian uzteko balio izan zuen, eta Polizian sustraitutako arrazakeria salatzeko protestek ikusgarritasuna eta zentralitatea eman zioten Polizia ereduaren inguruko eztabaidari. Epaiketak Chauvinengana mugiarazi zituen fokuak, ordea, eta horiek desbideratzen ahalegindu da defentsa une oro, Chauvinen jokabidea Poliziaren ohiko jardunaren barruan kokatuz.
Haren abokatuak baldintzapeko askatasuna eskatzeko erabili duen argudioetako bat izan da kasuak epaitegian nahiz hedabideetan izan duen trataerak polizia ohiaren kontrako iritzia hauspotu duela, eta haren ondorioak pairatuko lituzkeela Nelsonek, espetxean sartuko balute. Gainerako presioen jopuntuan egongo litzatekeela azaldu zuen, bere bezeroaren aldeko epaia eskatzeko emandako argudiaketan.
Hain justu, bere segurtasuna bermatzeko, espetxean bakartuta izan dute Chauvin, errudun jo zutenetik. Minnesotako Oak Park Heights presondegian kontrol zorrotzeko ziega bat esleitu zioten, haren presentziak espetxearen segurtasunean «arriskua» eragin zezakeelakoan.
Irmoa izango da, orain, haren espetxeratzea, baina, hala ere, baliteke epaitegietarako joan-etorriak hor ez amaitzea. 2017ko gertakari baten harira ikertzen ari dira haren jokabidea. 14 urteko gazte baten aurka gehiegizko indarra erabili izana egozten diote, Justizia Departamentuak jakinarazi zuenez.
Bestalde, Floyd atxilotu eta lurrean ito zuten momentuan Chauvinekin batera zeuden beste hiru polizia agenteak ere auzipetuta daude, eta horien kasuak ere zipriztinduko du polizia ohia. Hasiera batean abuztuan zen hastekoa epaiketa hori, baina 2022ko martxora atzeratu zuten, aurrez beste epaiketa federal bati aurre egin beharko dietelako, Floyden eskubideak urratzeagatik. Hiru polizia ohi horiei bigarren graduko erailketan nahiz bigarren graduko giza hilketan laguntza ematea eta sustatzea egozten diete.
(Puede haber caducado)