Kenyan heziketa ordaindu ezinak ugaritu egin ditu ezkontza behartuak

Berria, Oskar Epelde Juldain, 22-06-2021

Legeak dio lehen mailako hezkuntzak derrigorrezkoa behar duela denentzat, baina Afrikako hainbat tokitan ez da hala. Irakasle gehiago kontratatu ahal izateko jartzen dituzten eskola tasak, liburuak, uniformeak eta oinetakoak ordaintzeko behar den diruak, batetik, eta bazterketaren eta klima aldaketaren ondorioz bakartuta geratutako kultura atzerakoiak, bestetik, ahotsik eta itxaropenik gabe utzi ditu pokot neskak Baringo Tiaty barrutietan. Hango emakume sareak musu-truk egiten du lan emakume eta nesken eskubideen aldeko sentsibilizazioa bultzatzeko. Lan horren emaitza da 11 eta 15 urte bitarteko neskek mendialdeko beren familietatik ihes egiten dutela Tangulbeiko eskolaraino, ablazioa eta halabeharrezko ezkontza saihestu eta etorkizun hobe bat eraikitzeko asmoz.

Eskolan ohexka batzuk prestatu dituzte etxetik ihes egin duten nerabeentzat, baina azpiko arropak, xaboia, konpresak eta oinarrizko bestelako hainbat baliabideren beharrean egon ohi dira gehienetan.

Damaris Cheptuwri beste familia baten ahuntzak zaintzen utzi zion bere familiak diruaren truke. Baina ihes egin du handik; 40 kilometro egin behar izan ditu oinez Tangulbeiko eskolara iristeko. Familia hartako gainontzeko ume guztiak eskolaratuta zeuden. Etxean ez zuen inorekin hitz egiten. Pokot hizkuntzan hitz egiten du, eta, elkarrizketatzaileari dion begiruneagatik alboetara eta behera begiratzen duen bitartean, malko tanta lodiak isuri zaizkio oinaze hura gogoratuz. Zoriontsu izatea da bere helburua. Lehenengo aldiz eskolaratu dute orain, 12 bat urte dituelarik. Bigarren mailan hasi da.

15 urterekin, dote baten truke, ezkontzan eman zuen bere aitak Brenda Chepoghon. Senarraren etxean astebete igaro zuen, ihes egitea lortu zuen arte. Churo herriko Poliziara jo zuen, osabarekin bizi zenean bezala eskolara joaten jarraitu ahal izateko. Poliziak eskolako zuzendariari deitu zion, eta horri esker itzuli ahal izan zen Chepoghon.

Oporraldian familiarekin mendialdera joaten direnean sortzen da arriskua. Eskolaratu gabeko aita artzainek ablazioa egin, eta ezkondu egin nahi izaten dituzte diruaren edo jabetzen truke.

Azken hiru urteotan erreskatatutako 30 bat neska daude Tangulbeiko eskolan. Eskola ondoko eraikin batean dute logela. Gela batean, ohexka zaharren ilara bat dago, eta bestean, metalezko kaxa urdin handiak, ikasleek duten guztia gorde dezaten: liburuak, sendagaiak, arropa… Nesketatik gehienek amets bera dute: unibertsitateraino iritsi nahi dute, eta irakaskuntza edo medikuntza ikasi, beren herriari laguntzeko.

Nerabeen matxinada honen atzean pokot emakumeen sareak egindako lana dago. Neska-mutilek eskubide berberak dituzte legearen arabera, baina pokoten artean helduak ez dira horretaz jabetu, eta, emakumeen erabakitzeko eskubidea itota, patriarkek hartzen dituzte erabakiak. Horixe dio Mary Kuketek, Tiatyko emakume sareko lehendakariak.

Eskubideen aldeko erronka

Herrietatik urrun abereak zaintzen bizi diren familietako neskak ez daude eskolaratuak. Tasak ordaintzeko arazoak dituzte, eskolak urrun dituzte, eta, hezkuntza zikloa ezin bukatuko dutela jakinik, halabeharrezko ezkontzak ohitura bihurtu dira.

Tangulbeiko kanpoaldean dauka bere boma edo etxea Chepokopilek. Lau seme-alaba koskor ditu. Tamalez, ez du uste ahuntzekin lortzen dituen irabaziak aski izango direnik haurrak eskolaratzeko. Bere alaba nagusiak zenbat urte dituen ere ez daki. Hark ere eskolara joan nahi du, baina eguneroko eginbeharretan joaten zaizkio ordu guztiak. Bizkarrean daraman ume txikia zaintzen du, etxea eta sukaldeko tresnak garbitu, egur bila joan, eta batzuetan bi aldiz ere joan behar izaten du ur bila lauzpabost kilometrora, Tangulberaino.

1997an jaio zen Brian Kisur. Inguruan bizi da hura ere, eta ikasketak utzi egin behar izan zituen bigarren hezkuntza amaitu aurretik, diru faltagatik. Orain ez du enplegurik, herrian bizi diren gehienek bezala. Ateratzen diren lan eskaintza guztietan ematen du izena, emazte eta bi seme-alabak aurrera ateratzearren.

Eskolaratutako gazte gehienek, neskek nahiz mutilek, bukatu aurretik utzi behar izaten dituzte ikasketak. Gazte taldeek Tangulbeiko kaleetan ematen dute eguna, ezer egin barik. Ez dute lanbide bat ikasteko aukerarik, gobernuaren politiken ondorioz. Eskoletan jasotako ezagutza maila ez da aski lana aurkitzeko. Beren eskubideak betearaziko badituzte, legezko bideak barik, indarra erabiltzen dutela dio Mary Kuketek.

Oraindik nabaria den bazterketa historiko baten adibide, Tiaty guztian bigarren hezkuntzako eskola bakarra zegoen 2002. urtera arte. Azken urteotan hezkuntza azpiegiturak hobetu dituzte, baina, orain, ehunka eskola dauden arren, ez dira nahikoa. Tangulbeikora handik 40 kilometrora bizi diren umeak ere joaten dira.

Eskolako bigarren irakasle buru Ronald Ngetichen arabera, analfabetismoa eta mendia basamortu bihurtzen ari den euri gabezia dira arazo nagusiak. Aitortzen du kultura atzerakoiak zapaldu egiten dituela emakumeak, eta, aldi berean, gizarteak berak ere erronka mingarria duela aurrean: «Eskola utzitako gazteek ez dute zereginik, eta asko lapurretan hasten dira, segurtasunik eza komunitatearen zama bihurtuz».

Suzan Lodowyan erizaina da, eta Tiatyko emakume sareko kidea. Hark ohartarazi du ablazioa jasan duten 30 emakumetatik bi hil egiten direla. Ama gehienak buztinezko txaboletan erditzen dira, eta laguntzen dietenek umea ateratzeko ebakuntzak egin behar izaten dizkiete. Horrek arazo latzak dakartza, odol isuri eta infekzioen ondorioz.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)