Berrehundik gora etorkin iritsi dira Italiako Lampedusa uhartera

Berria, 04-07-2006

a. e.

Afrikako kostaldetik ehun bat kilometrora dago Lampedusa uhartea (Italia). Hori dela eta, ehunka etorkin saiatzen dira handik Europara sartzen. Atzo bertan, 206 pertsona iritsi ziren uhartera. Italiako arrantzontzi batek aurkitu zituen itsasoan, nora ezean, eta salbamendu taldeei deitu zien. Haiek eraman zituzten lehorreraino. Tartean sei emakume zeuden. Guztiak uharteko harrera zentrora eraman zituzten. Halako azken etorkin oldea joan zen maiatzean izan zen. Orduan, 470 pertsona iritsi ziren ontzi batean, Sizilia eta Tunisia artean dagoen uharte txiki horretara.

Bestalde, Europa osoko segurtasun indarrek 509 etorkin kanporatu dituzte, 16 egun iraun dituen operazioa amaitu ostean. Etorkin gehienak Hego Amerikakoak ziren eta hegazkinek iritsi ziren Europara. Parisko Roissy aireportuan atxilotu dituzte gehienak: 274. Hala ere, operazioa bera hainbat herrialdetan egin dute: Frantzian, Portugalen, Herbehereetan eta Italian, besteak beste. Iturri ofizialen arabera, etorkin gehienek Espainiara iristea zuten helburu.

MALTA EUROPAREKIN HASERRE. Maltak immigrazioarekin duen arazoaz ez arduratzeaz akusatu du Europako Batasuna herrialde horretako Atzerri ministro Michael Frendok: «‘Herrialde txikia, arazo txikia’ da Europaren jarrera, eta hori okerreko jarrera da. Arreta guztia Espainian dute, eta beraz, Malta bazterrean utzi dute». Frendoren arabera, proportzioak kontuan hartuz, Maltara azken hamar egunotan iritsi den etorkin kopurua, Kanarietara 50.000 iristearekin aldera daiteke. Horiek hala, kosta gehien duten herrialdeei lehenbailehen laguntzeko eskatu dio EBri Maltako Atzerri ministroak, egoera larriena dutenak horiek direla argudiatuz.

Hilaren amaieran dira biltzekoak Europako atzerri ministroak, eta orduan aurkeztuko du Frendok Maltaren arazoa, hura konpontzeko neurriak hartzeko eskatuz. Bestalde Simon Busuttil Maltako ministroaren arabera, Libiakoak dira uhartera iristen diren etorkin gehienak. Ondorioz, herrialde horrekin akordioren bat hitzartzera deitu du Europako Batasuna. «Joan zen abendura arte, Libian izan nintzen Europako Legebiltzarreko ordezkaritza bateko kide gisa. Harrituta geratu nintzen jakin nuenean herrialdearen 2.000 kilometroko kostaldea soilik bi patruilek zaintzen dutela», azaldu du Busuttilek.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)