Bi etorkin hil eta zortzi larri zauritu dira Marokotik Melillara sartzeko ahaleginean
Tiroak entzun dituztela salatu dute etorkinek; 50 eta 70 pertsona artean saiatu dira hesia igarotzen
Berria, 04-07-2006arantxa elizegi
Aspaldian bazterrean geratutako auzia eztabaidagai bihurtu da berriz ere. Maroko eta Espainiaren menpe dagoen Melilla hiria banatzen dituen sei metroko hesi bikoitza igarotzen saiatu ziren atzo 50 eta 70 pertsona artean. Bi hil eta beste zortzi larri zauritu ziren. Bostek lortu zuten igarotzea. Haietako bat, ordea, hil egin zen eta beste bat larri eraman zuten Melillako erietxera. Hesiaren beste aldean geratu zirenek ez zuten zori hobea izan. Haietako bat hil egin zen eta zazpi larri zuritu ziren.
Albistea entzun orduko iazko urte bukaerako gertakariak etorri zaizkio askori gogora. 2005eko iraila eta urria bitartean milatik gora izan ziren hesia igarotzen ahalegindu zirenak. Hildakoak, berriz, hamabi. Orduan «etorkin oldeez» hitz egin zuen Espainiako Gobernuak, eta hori gelditzeko neurriak hartu zituen. Oraingoa, baina, ez ei da «etorkin oldea» izan, 70 pertsona inguruk «soilik» hartu dutelako parte. Hala esan du Espainiako Gobernuak Melillan duen ordezkari Jose Fernandez Chaconek.
TIRO HOTSAK. Hesia igarotzerakoan tiro hotsak entzun dituela adierazi du Melillan sartzea lortu duen batek. Hasieran Espainiako Guardia Zibilak azaldu zuen hesiaren gainetik erortzerakoan hil zela etorkina. Gerora jakin zenez, ordea, tiro batek eragindakoa izan daitekeen zauri bat du. Lerro hauek idazteko unean autopsia egiten ari zitzaizkion hildakoari. Dena den, Chaconek nabarmendu du muga zaintzen duen Guardia Zibilak ez duela suzko armarik erabiltzen, nahiz eta onartu duen zauriak armak eragindakoak izan daitezkeela.
Marokoko Gobernuak, aldiz, ez du inolako azalpenik eman mugaren bere aldean hildako etorkinen inguruan, ez eta zaurituen inguruan ere. Soilik jakinarazi dute, zauritutako etorkinetako bat erietxera bidean hil dela.
Europako Ezker Batuko eurodiputatu Giusto Cataniak gertatutakoa salatu eta Espainiako Guardia Zibilak suzko armak erabili dituen ikertzeko eskatu dio Europako Legebiltzarrari: «Gertatutakoa larria da oso, eta uste dugu Europako Legebiltzarrak lehenbailehen esku hartu behar duela Maroko eta Espainia arteko mugan hildako gehiago egon ez daitezen».
Errefuxiatuen Laguntzarako Espainiako Batzordeak, berriz, etorkinen heriotza ikertzeko eskatu du. Era berean, nabarmendu du giza eskubideen gaineko errespetuak izan behar duela immigraziorako politiken oinarri nagusia: «Etorkinei tratu humanitarioa ematen zaiela bermatu behar du Espainiako Gobernuak». Batzordeak gogorarazi du beren herrialdeetan bizi duten miseriatik ihes egiteko sartzen direla Europara, eta, beraz, hesiaren inguruko segurtasun neurriak handitzeak ez duela arazoa konponduko.
ETengaBeKo KorronTea
2005eko ekainaren 23a. Lehen etorkin oldea. 250 pertsona saiatu ziren Maroko eta Espainiaren menpe dagoen Melilla banatzen dituen hesia igarotzen.
2005eko abuztuaren 26a. 250 inguru etorkin ahalegindu ziren hesia igarotzen.
2005eko abuztuaren 28a. 300 izan ziren Melillara sartzen saiatu zirenak, haietako bat hil egin zen.
2005eko irailaren 12a. Etorkin bat hil zen Melillako erietxean, bi egun lehenago hesia igaro ostean. Handik hiru egunera beste bat hil zen, hura ere zaurien ondorioz.
2005ko irailaren 27a. Ia mila pertsona saiatu ziren hesia igarotzen. Horietatik 300 inguruk lortu zuten.
2005ko irailaren 29a. 500 etorkin inguru saiatu ziren hesia igarotzen. Horietatik 105ek lortu zuten. Baina Marokoko segurtasun indarrek tiroka erantzun zieten. Bost pertsona hil eta ehun inguru zauritu zituzten.
2005ko urriaren 6a. Mila etorkin inguru saiatu ziren Melillara sartzen. Gutxi batzuek lortu zuten xedea, baina haiek ere atxilotu egin zituzten. Besteak Espainiako Guardia Zibilak eta Marokoko Poliziak geldiarazi zituen. Sei pertsona hil eta 30 ibat zauritu zituzten. Espainia etorkinak deportatzen hasi zen.
2006ko uztailaren 3a. Bi etorkin hil eta zortzi larri zauritu ziren Melillara igarotzeko ahaleginean.
(Puede haber caducado)