Mendebaldeko Saharako kostaldean 18 lagunen gorpuak aurkitu dituzte
Ia ehun etorkin iritsi dira bi egunetan Espainiako kostaldera; batzuk jada kanporatu dituzte
Berria, 04-07-2006a. e.
Kanariar uharteetara iristea zen asmoa. Baina huts egin zuten. 37 irten ziren Afrikako kostaldetik eta soilik zazpi iritsi dira beren kabuz kostaldera. Salbamendu taldeek txalupan zihoazen 18 pertsonen gorpuak aurkitu zituzten atzo. Beste hamabiek desagertuta jarraitzen dute. Hilik daudela uste da. Kostaldera onik iritsi direnen arabera, Kanarietara bidean zihoazen, Mendebaldeko Saharako kostatik gertu txalupa hondoratu zitzaienean. Gorpuak Fum el Ued eta El Mersa herrien artean aurkitu zituzten. Saharaz hegoaldeko herrialdeetakoak ziren guztiak.
Bestalde, igande eta astelehena bitartean ia ehun etorkin ailegatu dira Espainiako kostaldera. Azken hamahiruak atzo eguerdian ailegatu ziren. Almeriatik (Espainia) gertu aurkitu zituen Espainiako Guardia Zibilak. Tartean hiru adingabe zeuden. Antza denez, goizaldean iritsi ziren kostaldera eta herritar batek deitu zien segurtasun indarrei, txalupa batean hainbat lagun iritsi zirela jakinarazteko. Haietako sei ihes egiten saiatu baziren ere, berehala aurkitu zituzten segurtasun indarrek.
AFRIKAKO AGINTARIAK KEZKATUTA. Egunotan immigrazioaren gaia dute eztabaidagai Afrikako Batasuna Banjulen, Gambian, egiten ari den bileran. Afrikako Batzordeko presidente Alpha Omar Konareren iritziz, onartezinak dira Europako zenbait herrialdek immigrazioari aurre egiteko hartutako neurriak. «Afrikako agintariek bat eginda egin behar diogu aurre immigrazioari. Europak aukeratutako etorkinak soilik nahi ditu, eta hori Afrikaren kalterako da», salatu du Konarek. Emigraziorako Afrikako Zentroa sortzea aztertzen ari dira Afrikako Batasuneko kideak.
(Puede haber caducado)