Emakume eta LGTBQI+ pertsona migratzaileek jasaten dituzten indarkerien salaketa Bilbon
Uribitarte pasealekuko zirgariaren eskulturaren ondoan Nizan bezala, mezudun kometak protagonistak izan dituen mobilizazioa egin dute larunbat honetan, migrazioetan emakumeek eta LGTBQI+ kolektiboak pairatzen dituzten indarkeriak ikusarazi eta Europako politikak salatzeko.
Gara, , 07-06-2021Kolektibo feminista eta migratzaileen eskubideen defentsan aritzen diren taldeen babesa izan du Ongi Etorri Errefuxiatuak kordinadorak gaur Bilbon bultzatu duen mobilizazioak.
Zirgarien omenezko eskulturaren ondoan izan da, larunbat honetan bertan politika migratzaileak eta horien testuinguruan emakumeek eta LGTBQI+ pertsonek pairatzen dituzten indarkeria egoera ezberdinak salatzeko Nizan izan den mobilizazio orokorrarekin bat eginez.
«Europak mugak itxi eta migrazioa kriminalizatzen duten politikak indartu» dituela salatu dute irakurritako manifestuan. Nabarmendu dutenez, «politika horiek eragin berezia dute emakumeengan, Europako biztanleria migratzailearen %54 baitira».
Ihes egitera behartzen dituzten «zapalkuntza espezifikoak» zehaztu dituzte: indarkeria matxista, legeria diskriminatzaileak, behartutako prostituzioa edo behartutako edozein esplotazio mota, ezkontza behartuak, genitalen mutilazioa edota gizakien salerosketa aipatuta.
Baina alde egiteko arrazoi izan ziren egoera horiez gain, migrazio ibilbidean zehar pairatu behar ditzuten indarkeria eta esplotazio egoera ezberdinak gogoratu dituzte.
Asilo prozesuek ez ditu kontuan hartzen
Hala ere, dena ez da hor bukatzen, asiloa eskatzen duten herrialdeetan babeserako eskubidea izan arren, ez direlako haien behar espezifikoak kontuan hartzen.
«Asilo prozesuek ez dituzte genero indarkeriaren biktimak eta salerosketaren biktimak identifikatzen, ostatu instalazioak desegokiak dira eta laguntza neurriak falta dira», azaldu dutenez.
Nizako mobilizazio jardunaldiaren testuinguruan, emakume, neska eta pertsonentzako berariazko asilo arrazoiak aitortzea eskatzen duen kanpaina abiatuko da, eta horren barruan sinadura bilketa jarriko da martxan, eskaera Europako Batzordeari eta Schengen eremuko gobernuei bidaltzeko.
(Puede haber caducado)