Xabier Legarreta (Jaurlaritzako Migrazio zuzendaria): «Gizatasuna eskatzeko unea da»
Bidasoa ibaian asteburuan hilik agertutako pertsonak egoeraren larritasuna utzi du agerian. «Konpromiso kolektiboak eskatu eta gizatasunez jokatzeko unea» dela uste du Xabier Legarretak, Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak.
Gara, , 25-05-2021Asteburuan Bidasoa ibaia zeharkatzen hil zen pertsonaren albistea «tristura eta pena handiarekin» hartu zuen Xabier Legarretak, Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak. «Penagarria da pertsona batek bere bizia galtzea bizi hobe baten bila ari denean», esan du.
Ez da lehena eta zoritxarrez azkena ere ez dela izango dirudi. Hala, Legarretak «konpromiso kolektiboak» eskatzeko unea dela uste du, «bai hemen, bai Estatuan eta bai Europan». «Gizatasuna eta eskubideak eskatzeko unea da migrazio, harrera eta igarotze politiketan».
Beatriz Artolazabal sailburuaren hitzak ekarri ditu gogora Xabier Legarretak, igarotze politiketan gizatasunarekin jokatzea dagokiela erakundeei.
Hain zuzen, Irunen ematen ari den egoeraren aurrean Jaurlaritzak «kontingentzia plana» aktibatzen du. Oinarrizko errekurtsoetan 60 pertsonari arreta emateko modua dute eta hortik gora plana aktibatzen dute, «edozein momentutan». Zehazki, asteburu honetan Irunera 52 lagun etorri dira.
Asteburuan hildako pertsonaren gorpua etxekoei emateko enbaxadarekin eta Gurutze Gorriarekin kontaktuan daudela esan digu.
Ceuta ikusmiran
Ceutan gertatutakoa «partxe bat» izan da Legarretaren esanetan. Batzar sektoriala izan zuten eta EAEra 8 adin txikiko etorriko direla dio zirriborroak. «Alabaina, emergentzia egoera koiuntural baten erantzuna izan da. Benetako erantzunak beste batzuk dira, migrazioa fenomeno estrukturala da eta erantzun integrala behar du. Orokorrean aztertu behar dira eta horregatik 2018az geroztik egin ez den batzar berezia eskatu diogu Escrivá ministroari. Espazioak behar ditugu Estatuarekin eta beste lurraldeekin informazioa, tresnak eta estrategiak konpartitzeko modu kolektiboan», argitu du.
EAEn, adin txikikoen errekurtsoak Aldundiek kudeatzen dituzte eta gaur egun 700 bat daude.
(Puede haber caducado)